BILBO. Atzerritarrentzat hain baliogarria den Harrera egiteko baliabideen mapa eguneratu egin du Bilboko Udalak. Bertan atzerritarrei bideratutako oinarrizko prozesu eta gestioetarako zerbitzurik eta baliabiderik garrantzitsuenak agertzen dira, esate baterako zerbitzu sozialak eta publikoak, erroldatzea, osasuna edo lana bilatzeko bitartekoak, besteak beste.

Udalak 2014an egin zuen aurrenekoz mapa hori; gaur egun 118 harrera-baliabide daude, guztiak ere "integrazioaren, gizarte-kohesioaren eta elkarbizitzaren alde egiteko", Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Zinegotziaren hitzetan. Eta hauxe gaineratu du: "funtsezkotzat jo dugun baliabide hau garatu dugu udalerrira nahinondik datozen pertsonei harrera egiteko plangintzaren barruan. Horrela, baliabide eta zerbitzu publiko eta pribatuei buruzko informazioa eskuratzeko tresna irisgarri bat eskaini nahi diegu".

Gainera, katalogoan jasotzen den informazioa orokorra denez gero, edukia interesgarria da bilbotarrentzat ere, askotan ez baitute jakiten zein baliabide duten eskura, esaterako administrazioaren bulegoak, oinarrizko gizarte zerbitzuak, ostatu hartzeko zentroak, gizarteratzeko zentroak, komisariak, helduen etengabeko hezkuntzarako zentroak, gizarte jantokiak edo modulu psikosozialak.

Ekimen hau Udalaren "Bilbo Kulturarteko Hiria" II. Herritarrei eta Aniztasunari buruzko II Planaren ekintzen artean dago, udaleko zerbitzu orokorretan sartzea erraztea helburu duen harrerako lan-ildoaren barruan. Horren harira, Itziar Urtasunek argi utzi du, "Bilbo uri ireki eta anitza den heinean, materiala kultura- eta hizkuntza-aniztasuna kontuan hartuta taxutu da eta horregatik, informazioa zazpi hizkuntzatan jarri da: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, errumanieraz, arabieraz eta txineraz".

Udalak 6.000 aleko tirada prestatu du eta uriko 350 lekutan banatuko da: udal bulegoetan, elkarteetan eta zenbait baliabide publikotan.

Era berean, baliabideei eta beste gestio batzuei buruzko informazioa Bilboko Udalaren webgunean dago (www.bilbao.eus), Baliabideen Gida Eleaniztunean. Sareko gida horretan Baliabideen Mapako datuak eskaintzen dira, zehatzago eta eguneratuta, Bilbora aspaldi ez dela nahinondik etorritako pertsona guztientzako gairik funtsezkoenetan egin beharreko oinarrizko gestioen inguruan. Besteak beste, herritarren arreta-zerbitzuak, osasun arreta, gizarte zerbitzuak, etxebizitza, enplegua eta hezkuntza, bai eta atzerritarren dokumentazioa ere. Gestioen arabera egituratuta dago, lotura duten zenbait gai landu eta gestio horien ardura daukaten baliabideen fitxak eskaintzen dira: datuak (helbidea, telefonoa, faxa, helbide elektronikoa), argazki bat eta Bilboko planoko kokalekua; beste webgune batzuetako loturak ere ematen dira, udalarenak nahiz kanpokoak.