BILBO. Hurrengo astelehenean, uztailaren 6an, Bilboko barrutietako udaltegiek beren ohiko ekitaldiekin jarraitu ahal izango dute. Horrela, Bilboko Udalak antolatutako kontzertu edo errezitaldiak, besteak beste, ospatuko dira berriro.

Zerbitzu horiek instalazio horietan eskaintzen direnekin bat egiten dute: administrazio-bulegoa, oinarrizko gizarte-zerbitzuen arreta, liburutegia, organikoa birziklatzeko poltsak ematea eta KZgunea -Eusko Jaurlaritzak adierazitako zentroetan-.

Koronabirusak eragindako osasun-krisiaren ondoren, Bilboko Udalak berriro ekin die jarduerei, udal-zerbitzuei eta elkarteen bilerei, gutxienez udaltegi batean, uriko 8 barrutietako bakoitzean, udan - Deustu, Castaños, Otxarkoaga, Begoña, Ibaiondo, San Frantzisko, Abando, Errekalde eta Basurtuko udaltegietan -.Gainera, Txurdinagako udaltegia ere zabalik egongo da baina administrazio-izapideetarako bakarrik, eta Iralakoa Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren bidez.

Horrela, zabalik egongo diren zentroak eta udan eskainiko diren zerbitzuak honako hauek izango dira:

  • Deustuko udaltegia: administrazio-bulegoa, oinarrizko gizarte-zerbitzua, liburutegia, KZGunea, udal-jarduerak eta elkarteen bilerak.
  • Castañoseko udaltegia: oinarrizko gizarte-zerbitzua, liburutegia, udal-jarduerak eta elkarteen bilerak.
  • Otxarkoagako udaltegia: liburutegia, udal-jarduerak eta elkarteen bilerak.
  • Txurdinagako udaltegia: administrazio-bulegoa.
  • Begoñako udaltegia: administrazio-bulegoa, oinarrizko gizarte-zerbitzua, liburutegia, KZGunea, udal-jarduerak eta elkarteen bilerak.
  • Ibaiondoko udaltegia: administrazio-bulegoa, oinarrizko gizarte-zerbitzua, udal-jarduerak eta elkarteen bilerak.
  • San Frantziskoko udaltegia: liburutegia, udal-jarduerak eta elkarteen bilerak
  • Abandoko udaltegia: administrazio-bulegoa, udal-jarduerak eta elkarteen bilerak.
  • Errekaldeko udaltegia: administrazio-bulegoa, oinarrizko gizarte-zerbitzua, liburutegia, udal-jarduerak eta elkarteen bilerak.
  • Iralako udaltegia: oinarrizko gizarte-zerbitzua.
  • Basurtuko udaltegia: administrazio-bulegoa, oinarrizko gizarte-zerbitzua, udal-jarduerak eta elkarteen bilerak.

Aurreikusita dago irailaren amaieran edo urriaren hasieran, barrutiko udaltegi bakoitzak eskaintzen dituen jardueren arabera, gainerako zentroak berriro irekitzea jarduera guztiekin, betiere unean-unean aplikatzen diren edukiera-murrizketen eta osasun-gomendioen mende.

Bilboko Udalak 25 udaltegik osatutako sarea du, beharrizan administratiboei eta soziokulturalei erantzuteko.

OSASUN-SEGURTASUNEKO NEURRIAK

Barrutiko udaltegietan egiten diren jarduerak uneko osasun-segurtasuneko protokolo eta neurrien mende egongo dira.

  • Nahitaezkoa da maskara erabiltzea eremu komunetan eta pertsonen arteko distantzia fisikoa mantendu ezin den lekuetan.
  • Instalazioetako sarreretan gel desinfektatzailea egongo da, eta erabilera anitzeko espazioetan espazioak desinfektatzeko produktuak egongo dira erabiltzaile bakoitzaren eskura.
  • Edukiera kontrolatzeko eta errespetatzeko, gonbidapena beharko da Udalak antolatutako ekitaldi publikoetara joateko edo haietan parte hartzeko. Nolanahi ere, elkarteek antolatutako bileretan egoerak behartuko duen gehieneko pertsona-kopurua errespetatuko da.
  • Taldeen sarrera eta irteera talde horretako arduradunak kontrolatuko ditu. Distantzia fisikoak errespetatu beharko dira, eta sarrerako eta irteerako igarobideak libre mantendu.
  • Erabiltzaileek irekiko dituzte leihoak eta aireztatuko dituzte espazioak jarduera amaitu ondoren.