BILBO. Gaurtik aurrera, Bilbo bisitatzen dutenek autobus turistikoa erabiltzeko aukera izango dute. Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak zerbitzu hau eskaintzeko bi autobus berri jarri ditu, hibridoak, zerbitzua irisgarriagoa, jasangarriagoa eta modernoagoa izan dadin.

'Bilbao City Tour'ek 55 minutuko bidaia interaktiboa egiten du. Ibilbidea Guggenheim Museoan hasten da eta uriko hamaika puntu hauetatik pasatzen da: Guggenheim Museoa, San Mames, Itsas Museoa eta Euskalduna Jauregia, Arte Ederren Museoa, Azkuna Zentroa, Kale Nagusia, 7, Arriaga Antzokia, Erriberako Merkatua, Udaletxea, Zubizuri eta Artxandako Funikularra eta Deustuko Unibertsitatea. Paperean barik, ibilbidearen planoa QR kode baten bidez ematen da.

Uztailetik irailera, bisitarik gehieneko aldia denez gero, ordu erditik ordu erdira aterako da autobusa, 10:30ean hasi eta 19:30era bitartean. Urteko gainerako hilak behe-denboralditzat joko dira. Behe-denboraldian, zerbitzua 10:30etik 19:30era emango da, ordutik ordura.

Txartelaren prezioa 15 eurokoa izanen da helduentzat eta 7 eurokoa 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat eta 6 urtetik beherakoentzat. Autobus turistikoa uria modu eroso eta eskuragarrian ezagutzeko aukera ezin hobea izan dadin, txartelak 24 orduko balioa izango du lehen aldiz erabiltzen edo balidatzen denetik. Tiketak autobusean bertan eta baimendutako salmenta-puntuetan eros daitezke. Internet bidez ere eros daitezke, zerbitzuaren webgunean: bilbaocityview.es.

Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailak ibilgailu horiek egokitu ditu bidaiarientzako eta gidarientzako osasun- eta segurtasun-protokoloak betetzen direla bermatzeko. Izan ere, autobus turistikoak AENOR (Asociación Española de Normalización y Certificación) ziurtagiria du Covid-19aren aurkako kudeaketa-protokoloetan.

Horrela, egiaztatuta geratu da udal-zerbitzua protokolo egokiak aplikatzen ari dela Covid-19aren aurrean, eta bere zerbitzuak ahalik eta higiene eta osasun berme handienekin egiten direla. Bilbobus udal-zerbitzuan bezala, erabiltzaileen eta gidarien artean kristalezko manparak instalatu dira.

AUTOBUS IRISGARRIAGOAK ETA IRAUNKORRAGOAK

Bidaia turistiko hauek egiten dituzten ibilgailuak bi solairu dituzte, panoramikoak dira eta euria egiten duenerako jarri eta kentzeko sabai erretraktila dute. Gainera, gaurtik aurrera zerbitzu hau ematen duten autobus biak berriak eta hibridoak izango dira, berritu egin baititu Udalak, ingurumenean eragin txikiagoa izan dezaten.

Autobus turistikoek 71 plaza dituzte eta irisgarriak dira. Gurpildun aulkietan doazen pertsonentzako arrapala dute, eta mugikortasun urriko pertsonentzako 2 aulki. Horrez gain, beste zerbitzu hauek ere eskaintzen ditu: zeinu-hizkuntza, ahots-mapa eta braillezko seinaleztapena ditu. Ibilgailuek Wifia dute.

AUDIO-GIDA

Autobus turistikoak audio-gida zerbitzu osoa prestatu du bidaiariek autobus turistikoaren ibilbideko puntuen eta Bilboren historia eta informazio garrantzitsuena ezagutu ahal izateko. Informazioa 13 hizkuntzatan dago eskuragarri, eta haurrei zuzendutako hiru kanal ere badaude. Informazioa euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, alemanez, italieraz, portugesez, japonieraz, errusieraz, txineraz, arabieraz, galizieraz eta katalanez entzun daitezke. Bisitariek uriaren historia eta berezitasunak ezagutu ahal izatea da helburua, eta horretarako informazio guztia hainbat hizkuntzatan eskuratzeko modua dute.