BILBO. Koronabirusaren pandemiak kalte ekonomiko handiak egin ditu sektore ia guztietan. Horiek gutxitzeko asmoz, Bilboko Udalak 74.000 euroko dirulaguntza emango dio Bizkaiko Ostalaritza Elkarteari, #BilbaoAurrera premiazko ekintzen planaren barruan.

Laguntza hori Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bidez emango da. Sozietate horren talde teknikoa ere aholkularitza integraleko lana egiten ari da, leihatila bakar gisa, erakunde-esparru desberdinek abian jarritako laguntza mota guztiei dagokienez.

Ostalaritza Elkarteari emandako laguntza horrekin batera, eta aipatutako #BilbaoAurrera planaren barruan, maiatzeko azken osoko bilkuran onartu zen, halaber, Bilboko eskualdeko merkataritza-elkarteentzako diru-laguntza izendunak %100 handitzea, 276.000 €-ra iritsiz.

Neurri horrekin, merkataritza eta ostalaritza jarduerari eragiteko aparteko neurriak sustatu nahi dira, Bilboko auzoetako kontsumoa sustatu eta eragiteko.

BILBAO AURRERA PLANA

#BilbaoAurrera Plana gizarte-, ekonomia- eta kultura-larrialdietarako programa da, 15 milioi euro ditu, eta 50 neurri baino gehiago COVID-19ak pertsonengan eta enpresetan eragindako osasun-krisiaren ondorioak arintzeko, suspertzeko eta berreskuratzeko. Bilboko Udaleko talde politiko guztiek egin eta adostu dute Plan hori.

Beste neurri ekonomiko batzuen artean, zuzeneko laguntzak jarri dira martxan ETEei, mikroenpresei eta autonomoei zuzenduta, Covid-19aren aurkako segurtasun-protokoloek eragindako gastuei aurre egiteko eta babesteko materiala erosteko, guztira 500.000 euro. Enpresentzako pizgarri fiskalak jarri dira abian, zerga eta tasetan murrizketa eta hobari aukera zabalarekin, bai eta Merkataritza eta Ostalaritza elkarteentzako laguntzak ere. Pizgarri horiek 3 milioi euroko eragin ekonomikoa izango dute.