BILBO. Gaur goizean, Bilboko Udalak Bilbao Aurrera planaren barruan dagoen #BilbaoUda2020 ekimena aurkeztu du. Programa berri honek udan gauzatuko diren 150 jarduera baino gehiago izango ditu.

Juan Mari Aburto alkatea izan da, Gonzalo Olabarria Kulturako zinegotziarekin batera, eskaintza askotarikoa, kalitatezkoa, eskuragarria eta, nagusiki, doakoa, biltzen duen udal-programazioa aurkeztu duena. Eskaintza hori herritar ororentzat da baina, batez ere, familientzat, eta ekainean, uztailean eta abuztuan egingo da, uriko zortzi barrutietako espazioetan.

Betiere osasun-neurriekin bat etorriz eta unean uneko protokoloak zorrotz betez, Bilboko Udalak kalitateko kulturaren eta tokiko kultura-eragileen aldeko apustua egin du, auzoak musikaz, antzerkiz, dantzaz, magiaz eta literaturaz betetzeko, besteak beste. Horrela, kulturako uda bete-betea proposatu du Udalak.

Era berean, Udalak ohartarazi du osasun-protokoloak zorrotz beteko direla ekitaldi guztietan. Horretarako, formatu txikiko proposamenek izango dira, edukiera mugatuta egongo da eta publikoa eserita. Testuinguru horretan, kultura auzoetara hurbiltzeko xedea betez, auzook protagonismo handiagoa hartuko dute, erreferentzia-leku gisa, beti ere edukiera txikiagoko eta herritarrengandik hurbilagoko ekitaldiekin.

Ikuskizun horiek ahal denik eta bilbotar gehienengana irits daitezen, emanaldien bideoak eta irudiak zabalduko dira Bilbao Kultura, Bilbao Jaiak eta Bilbao Udala sare sozialetan. Gainera, ekitaldiei eta jarduerei buruzko informazio guztia Bilbao Kultura kultur agendan egongo da eskuragarri; bide batez, nahi duen orok esteka honen bidez egin dezake harpidetza.