BILBO. Pasa den astetik aurreikusita zegoenez, bihar, ekainak 19, ostirala, Txurdinaga eta Errekaldeko udal kiroldegiek ateak irekiko dituzte berriro, koronabirusa dela eta hiru hilabetez itxita egon eta gero. Horrela, bihar Bilbao Kirolakeko bost kiroldegi egongo dira irekita dagoeneko. Miribillakoa, aldiz, uztailaren 1ean irekiko da.

Txurdinagan eta Errekalden kanpoko igerilekuak, eguzkia hartzeko gunea, padel eta teniseko pistak eta frontoia irekiko dira, hau da, Artxandako zerbitzu berberak. San Ignazioko eta Zorrotzako kiroldegietan, gainera, barruko igerilekuak eta squash pistak erabil daiteke, eta Zorrotzan bai eta atletismo pista ere.

Instalazioetara eta kirol zerbitzuetara sartzeko beharrezkoa da aldez aurertik ordua eskatzea. Bilbao Kirolak erakundearen webgunean eska daiteke, gehienez ere 48 ordu lehenago.

Ekainean Bilbao Kirolak erakundeko abonatuek bakarrik erabili ahal izango dituzte instalazioak, aurrez ordua eskatuta. Uztailean abonatu gabeko pertsonentzat ere irekiko instalazioak irekiko diren ala ez aztertuko da.

KANPOKO IGERILEKUAK ETA EGUZKIA HARTZEKO GUNEA

Barikutik aurrera, instalazio guztien edukiera % 30 ingurukoa da.

  • Artxanda: 314 pertsona.
  • Txurdinaga: 596 pertsona.
  • Errrekalde: 297 pertsona.

Jendearentzako ordutegia 10:00etatik 14:00etara izango da, eta 16:00etatik 20:00etara. Eguerdiko etena garbiketako langileentzat da, igerilekuetako eremuak desinfektatzeko.

Kanpoko igerilekuak igerian eta plisti-plasta egiteko erabiliko dira, bereizita eta antolatuta.

Kale bakoitzean heldu bat baino ez da egongo; heldu hori ume batekin egon daiteke. Erabiltzaile bakoitza gehienez ere 45 minutu egon daiteke kalean. Artxandan 12 kale prestatu dira igerian egiteko, Txurdinagan 4 eta Errekalden 3.

Igerileku txikiak jolasean egoteko eta familiek erabiltzeko izango dira. Ezin dira puxikak edo ur-pistolak erabili. Erabiltzaileen txandakatzea errazteko, uretan bainu bakoitzeko gehienez ere 15 minutu eman daitezke.

Ezin da igerilekuko hondartzan egon, hau da, igerilekuen inguruan. Erabiltzaileek beren toalla, txankletak eta bainujantzia erabili behar dituzte, eta txanoa eta betaurrekoak erabiltzea gomendatzen da.

Kiroldegi guztietako (Artxanda, San Ignazio, Zorrotza, Txurdinaga eta Errekalde) solarium guneak neurri desberdinetako partzeletan banatu dira, bakarrik doazenentzat, bikoteentzat, familia edo taldeetantzat, eta mugitzeko arazoak dauzkaten pertsonentzat. Espazioak horrela mugatuta, erabiltzaileen arteko distantzia gordeko da.

Gehienez ere 4 orduz erabili ahal izango dira (10:00etatik 14:00etara edo 16:00etatik 20: 00etara). Webgunean eta kiroldegietako sarbideetan plano bat egongo da. Kontroleko langileek eta laguntzaileek partzela bakoitza non dagoen adieraziko dute, laguntza behar izanez gero.

IGERILEKU ESTALIAK

San Ignazioko eta Zorrotzako igerileku estalietan gune bereiziak daude bainu librerako eta jolaserako, eta hiruna kale dauzkate igeri egiteko.

Ireki zirenean beharrezkoa ez bazen ere, erabiltzaileen eskaria ikusita, ekainaren 19tik aurrera ordua eskatu beharko da bertara joateko.

Kanpoko igerilekuetan bezala, kale bakoitza heldu batentzat izango da, gehienez ere 45 minututan. Heldu hori ume batekin egon daiteke.

Nahitaezkoak izango dira toalla, txankletak eta bainu-jantzia, eta gomendatzen da txanoa eta betaurrekoak erabiltzea.

TENIS ETA PADEL PISTAK, FRONTOIA ETA SQUASHA

Tenis eta padel pistetan eta frontoian gehienez ere 4 pertsona izango dira pista bakoitzeko; squasharen kasuan, 2 pertsona izango da gehienezko muga.

Gomendatzen da pistetara jarduera bakoitzerako behar den kirol jantziekin eta kirol oinetakoekin sartzea, eta erabiltzaile bakoitzak bere ur botila eroatea.

Erraketa kiroleko pistetarako eta atletismo pistarako ordutegian ez da etenik izango: 10:00etatik 20:00etara.

ZORROTZAKO ATLETISMO PISTA

Atletismoko pista 60 pertsonak erabili ahal izango dute batera, gehienez ere, baina taldeak 20 lagunekoak izango dira, gehienez ere; hala ere, ezingo dute elkar ukitu.

Kasu honetan ere, ordutegia jarraitua izango da 10:00etatik 20:00etara.

HIGIENEKO ETA KONTROLEKO NEURRIAK

Ezin da hitzordu barik instalazioetara sartu. Ordua Bilbao Kirolak erakundearen webgunean eska daiteke.

Bilbao Kirolak erakundearen kiroldegietako sarreretan, erabiltzaileek garbitu egin beharko dituzte eskuak gel desinfektatzailearekin: instalazio bakoitzeko kontrol gunean aurkituko dute. Oinetakoak ere desinfektatu egingo dira. Erabiltzaileek gel hidroalkoholikoa banatzeko gailuen hainbat gune aurkituko dituzte, instalazioetan han eta hemen.

Altzari publikoak ez erabiltzea gomendatzen da: lehorgailuak, iturriak, armairuak, dutxak eta aldagelak, zabalik egongo diren arren.

Maskarak nahitaezkoak izango dira instalazioetara sartzeko; elkarren arteko tartea gorde ezin denean erabiliko dira. Sartzeko eta irteteko zirkuituak ezarriko dira, itxaroteko guneak ere zedarrituz.

Langileek pantailazko maskarak erabiliko dituzte, beharrezko baderitzote, eta gel desinfektatzailea ere bai. Harrerako guneetan babeserako pantailak egongo dira, eta kontroleko langileak eta sorosleak antolatuta egongo dira instalazioak eta igerilekuak behar den bezala dabiltzala ziurtatzeko.

Ur-mailen kontrolak areagotuko dira, eta espazioak eta materialak garbitzeko eta desinfektatzeko maiztasuna areagotuko da.

#BILBAOUDA2020

Bilbao Kirolak erakundearen instalazioak apurka-apurka irekitzeko plana #BilbaoUda2020 ekimenean dago jasota. Ekimen hori modu koordinatuan landu da Bilboko Udalean, uriak aurtengo udan ere kirol, kultur eta musika jarduerak izan ditzan, besteak beste.