BILBO. Atzo arratsaldean, ekainak 16, asteartea, Bilboko Udalak Plangintzako Aholku Kontseiluaren lehenengo bilkura telematikoa egin zuen.

Han aurkeztu ziren Zazpi Kaleak (BPB) eta Bilbo Zaharra Birgaitzeko Plan Berezien aldaketak (BBBPB), Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Berrikuspenari egokitzeko nahitaez egin beharrekoak. Hala BPBa nola BBBPBa eguneratu egingo dira, gainera, haietan sartzearren Lurzoruaren Legeak eta Kultur Ondarearen Legeak dakartzaten lege-berrikuntza guztiak.

BPBaren eta BBBPBaren aldaketen xede nagusia da haiek egun indarrean dauden hirigintzako legeriari eta arlo-legeriari egokitzea orokorki, eta orobat egiturazko antolamenduaren xedapenei, HAPOaren berrikuspenaren ondoriozkoei.

Zehazki, hauek dira aldaketak:

  • BPBa eta BBBPBa Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren behin betiko antolamendu egiturazkoari egokitu zaizkio, betebeharra baitzen.
  • Plan bereziak HAPO berrian ezarritako antolamenduaren, izenen eta terminologien sistematikarekin koordinatu dira, zegokion eran.
  • Birgaitze plan bereziak legeari egokitu zaizkio, autonomia-legedian jasota datozen kudeaketa-teknika berriak sartuz, betebeharra baitzen.

Bi aldaketa horien testuak SURBISAren Administrazio Kontseiluak onetsi ditu, eta Obretako eta Hiri Plangintzako Sailari igorri zaizkio, dagokien eran izapidetzeko. Aldaketa horiek HAPOaren berrikuspenarekin berarekin batera izapidetuko dira, eta, betiere, behin betiko onetsiko badira, lehenik Bilboko Hirigintza Antolamenduko Plan Orokor berria onetsi behar da behin betiko (2021rako dago aurreikusita onetsiko dela behin betiko).

ARTE EDERREN MUSEORAKO ETA MEDIKUNTZA ETA ERIZAINTZA FAKULTATERAKO PLAN BEREZIAK

Plangintzako Aholku Kontseiluak gaur arratsaldean aurkeztu du, gainera, Arte Ederren Museoa Handitzeko eta Berritzeko Proiekturako Plan Berezia. Plan horretan, nabarmentzekoak dira egikune nagusi gisa:

  • Bolumen eraiki berri bat sortzea, 2 solairukoa; Arriaga patioaren eta egungo museoaren estalkiaren gainetik, mendebaldeko fatxadaren gainean.
  • Jatorrizko sarrera berreskuratuko da, mailadi berri bat ezarriz, irisgarritasunari konponbidea emanez.
  • Sarreraren eta Arriaga patioaren arteko lotura jatorrizko eraikinaren hegoaldeko fatxada urratuz egingo da, eta patioari beirazko itxitura eginez.
  • Eraikina husteko eskailera berri bat eraikiko da, ekialdeko fatxada handitzeko osagaiaren ertzean bermatuz.
  • Eta egitura eroale bi eraikiko dira, bai Arriaga patioaren kanpoaldean, bai mendebaldeko fatxadaren kanpoaldean.

Edukiari dagokionez, planak dio ez dela aldatuko museoari atxikitako partzelaren eremua, eta eraikigarritasun baimendua 148 metro koadro handituko dela sestraren petik, eta 7.400 metro koadro baino gehiago sestraren gainetik.

Beste alde batetik, EHUren Basurtuko Medikuntza eta Erizaintza Fakultaterako Plan Berezia ere aurkeztu da. Plan horrek unibertsitate-erietxe esparruaren ipar-ekialdeko ertzeko lur-sailak antolatzen ditu, bai eta egungo kogenerazio instalazioa kokatuta dagoen ingurua ere, hura handitu egin behar baita eraikin berriei zerbitzu emateko. Guztira 23.147,31 metro koadro dira, honela banatzen direnak:

1. azpieremua: bertan doaz unibertsitate fakultate berria eta erietxe eraikin berriak, guztira 17.654,3 metro koadroko eremua hartzen dutenak.

2. azpieremua: kogenerazio instalazioak hartzen duen eremua da (5.493,01 metro koadro).

Plan horren xedeak dira:

  • Inguruaren antolamendu xehatua ezartzea (irakaskuntzako ekipamendu berria etorkizuneko fakultaterako, eta eraikin berriak erietxea handitzeko), eta espazio libre eta berdeguneak, bideak eta lerrokadurak, sestra eta eraikin berrien bolumetriak ezartzea.
  • Eraikitzeko baldintzak ezartzea, eraikin bakar batean sartzeko bai irakaskuntzarako den zatia, bai ikerkuntzarako dena, gunea ahalik eta ondoen baliatzearren eta ahalik eta eraginkortasun handiena izan dezala bermatzearren.
  • Eraikin berrien antolamendua ezartzea, Basurtuko Ospitaleari emandako babesak ezartzen dituen betebeharrekin eta haren perimetro-itxiturarekin bat etorriz, hala baitagokio Done Jakue Bidea kultur intereseko ondasun izendatu zelako eta hura monumentu-multzo gisa sartu zelako.
  • Eraikin berri baten antolamendua ezartzea energia sortzeko instalazioa kokatuta dagoen inguruan, etorkizunean handitu behar bada ere; energia elektrikoz -hotza eta beroa, finean- hornitu nahi baita bai ospitale handiagotua, bai fakultate berria.
  • Espazio publiko berri bat sortzea, fakultate berriaren nahiz Basurtuko Ospitalearen aurreko topagune eta atariko gisa.

BILBOKO UDALAREN PLANGINTZARAKO AHOLKU KONTSEILUA

Bilboko Udalaren Plangintzarako Aholku Kontseilua sortzea adostu zuen Bilboko Udalbatzak 2008ko irailean. Arlo jakin bateko kontseilua bat da, parte hartzeko eta eztabaidatzeko. Honako eragile hauek esku hartzen dute bertan: auzokide-elkarteek, ingurumena babesteari eta hirigintzari lotutako entitateek, helburu sozialak zein ekonomikoak dituzten elkarteek, eta Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako ordezkariek.

Aholkurako organo honen eginkizun nagusietariko bat da hirigintza alorrean herritarren benetako parte-hartzea bermatzea. Horretarako, udal-plangintza orokorrari buruzko aholkuak eman eta txostenak egiten ditu. Hala, Aholku Kontseilu honetan, Hiri Plangintzako Sailak edo beste hirugarren batzuek galdeginik landu beharreko gaien gaineko txostenak egiten dira, Kontseiluko kideek ezagut ahal izan ditzaten, dagozkien espedienteak idatzi aurretik, eta beren ekarpenak egiteko aukera izan dezaten, Udalak espediente horiei dagozkien izapideak egin aurretik.