BILBO. 2018an Andoni Euba artistak, Bilboko Udalaren laguntzarekin, sortutako 'Arretxaga-Miribilla' guneak margolan berri bat du. Egun hauetan jarri da Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetan kohesioa eta hiri-birgaitzea eragiteko tresna moduan sortutako espazioan.

Horma-irudi berriak (zazpigarren obra "mugikorra" da gune hori abiarazi zenetik) Fragonard-en "Zabua" izeneko obra ospetsua du inspirazio iturri: haren eszena egungo egunera ekarri du, freskotasun eta askatasun kutsu bat emanez. Denboraren kontzeptu ziklikoa ere ageri da "Kai zabu-penduluan, eta bere eskuin besoa bi alditan" margolanean.

ESPAZIOA ARTEAREN BIDEZ ERALDATUZ

"Aretxaga-Miribilla" espazioaren abiapuntua da artea erabiltzea espazioak eraldatzeko elementu moduan. Ekimena osatzen duten horma-irudi guztiek badute berezitasun bat: olio-margoak dira, eta, uneoro, espazio horretan bi margolan jartzen dira erakusgai, izaera desberdinekoak: bat egonkorra, bestea mugikorra.

Horma-irudi iraunkorraren neurriak 3,8 x 3,8 m dira: irudia horman bertan margotuta dago, eta "Arranoak Vs Dronak" izeneko eszena bat agertzen du, irudi garaikide bat, bi elementu txit desberdinen arteko gatazka eta bizikidetza adieraziz, alegia, natura alde batetik, eta aurrez aurre, gizakia eta teknologia berriak. Gainera, guneak badu horma-irudi mugikor "instalatu" bat ere, zeina aldatu egingo baita, harik eta guztira 8 margolan izango diren arte, horretarakoxe sortuak.

2017ko maiatzean, Udalak bere oneratu egin zuen inguru hura, guztiz oinezkoentzako bihurtuz, eta Miribilla kalearen berritze osoa eragin ere bai, milioi erdi euro ipinita. "Aretxaga-Miribilla" gunea sortu zelarik 2018ko martxoan, eraldatze hori burutu egin zen, gune bakan eta nortasun oso bereziko bat sortuz.

Proiektu hau Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetarako 'Auzokizuna 2020' Jarduera Plan Bateratuaren barruan doa, eta inguru hartako bizi kalitatea eta bizikidetza hobetzeko xedea du.

ANDONI EUBA (BILBO, 1962)

Bilbon jaioa, 1962an; arte ederretan lizentziatu zen EHUn, 1985ean; urte horretan, hirugarren saria lortu zuen Eusko Jaurlaritzaren Gure Artea lehiaketan. Sariak eta bekak lortu izan ditu harrezkeroztik bere ibilbidean, eta 1994an Donostiako San Telmo museoan erakusketa bat egin ondoren, San Frantziskora alde egin zuen (AEB), eta 10 urte eman han bizitzen. Gainera, New Yorken ere lan egiten du.

Bilduma publiko askotan daude haren lanak, honako hauetan, besteak beste: Bilboko Arte Ederren Museoa, Gasteizko Artium Museoa, Donostiako San Telmo Museoa edo Iruñeko Nafarroako Museoa; Eubak Madrilgo ARCOn ere (Arte Garaikideko Nazioarteko Feria) maiz erakutsi izan ditu lanak, eta erakusketa kolektiboak egin izan ditu nazioartean urteetan zehar.