BILBO. Hurrengo igandean, maiatzak 17, Areatzako aterpeetan kokatu ohi den lore azokak ateak irekiko ditu berriro, martxoaren 15ean alarma estatua dela eta bere jarduera bertan behera utzi behar izan zuenetik.

Ahalik eta saltzailerik gehien izan dadin, eta loreak produktu galkorrak direnez, Udalak zabalagotu egin du azoka horretarako eremua, ohiko salmahaien % 50a kokatu ahal izan dadin. Hau da, ohiko 14 saltzaileetatik 7 kokatuko dira, eta txandan-txandan ibiliko dira, domeka batean batzuk eta hurrengoan besteak, salmahaietan.

Segurtasuna bermatzearren, hala saltzaileena nola azokara joango diren herritarrena, Udalak zenbait neurri ezarriko ditu, higieneari eta gorde beharreko tarteei dagozkienak, osasun agintariek emandako jarraibideekin bat etorriz. Horien artean, nabarmentzekoak dira:

  • Salmahaien eta jendearen arteko tartea bi metro izango da uneoro, gutxienez.
  • Salmahai berean dauden saltzaileek ere bi metroko tartea gorde beharko dute gutxienez, eta, tarte hori gordetzea ezinezkoa denean salmahaiaren neurriengatik, merkataritzazko jardueran pertsona bakarra jardun ahal izango da.
  • Bezeroen artean bi metroko tartea gorde beharko da, nabarmen, eta lurrean markak ipiniko dira horretarako, edo balizak, kartelak edo beste nolabaiteko seinaleak.
  • Gel desinfektagarriaren banagailuak eduki beharko dituzte salmahaiek, saltzaileek nahiz bezeroek erabiltzeko.
  • Azokak sorrarazten dituen hondakinak poltsetan sartuta bota beharko dira garbiketako eta zaborrak batzeko udal zerbitzuek horretarako ezarritako edukiontzietara.
  • Azkenik, COVID-19aren birusak jota egoteagatik etxean bakanduta egon beharra duten pertsonak edo gaitzaren sintomaren bat dutenak ezingo dira joan azokara saltzera; ezta ere birusaren sintomak ageri zituzten pertsonekin edo diagnostikoa zeukaten pertsonekin harremanetan egon direlako berrogeialdian egon beharra dutenak ere.

Neurri ezohiko hauek eta Udaltzaingoak azoka egiten den bitartean ezartzen dituenak bete egin beharko dira osasun larrialdiak irauten duen bitartean.