BILBO. Martxoaren 14an konfinamendua ezarri zenetik, kultur arloko erakundeak bide berriak bilatu behar izan dituzte euren produktu eta zerbitzuak jendeari iristarazteko. Horrek kultura beste modu batean kontsumitzea eragin du. Esate baterako, Euskadiko Irakurketa Sare Publikoko eLiburutegiak erabiltzaile berri ugari izan ditu. Hala nola, 1.000 bilbotar inguruk lehen aldiz erabili dute zerbitzua garai honetan.

Bestalde, Udal Liburutegien Sareak online katalogo zabala eskaintzen du gustu, publiko eta adin guztietarako. Gainera, liburutegietako sare sozialek argitalpenak areagotu dituzte azken asteetan. Facebooken informazioa bilatzen duenari laguntzeko sarrerak idatzi dira: eLiburutegia erabiltzeko moduari buruzko azalpenak, irakurketa- eta zine-gomendioak, antzerki- edo opera-proposamen doakoak martxan jarri dituzten Bilboko kultura-eragileen aisialdiko ekimenak eta Bilboko Udalak argitaratutako online kultura-agendarako estekak.

Datu guztiek goranzko ildo berari jarraitzen diote. Liburutegien blogak sarean aurki daitezkeen nobedadeen berri ematen du aldian-aldian, eta informazio praktiko eta gomendio desberdinak ematen ditu. Gaur egun, 2.000 harpidetza ditu guztira, eta, beraz, %400 gehiago. Era berean, liburutegien biltegi digitala, Bilboko Liburutegi Digitala, liburutegien funts inprimatu digitalizatua osorik ikusi eta deskargatzeko aukera ematen duena, nabarmen hazi da, bai deskargetan (%71), 13.600etatik 23.400era, bai kontsultetan (%51), 4.200etatik 6.300era.

GORANZKO JOERA ERABILERA BIRTUALETAN

Bilbotarrek liburutegietako zerbitzu birtualetan duten interesak goranzko joerari eusten dio azken urteotan, datu guztiek adierazten dutenez. 2019an, zerbitzu birtualen erabilera ere nabarmen handitu zen, eLiburutegia plataformaren bidez 8.351 liburu elektroniko deskargatu baitziren, aurreko urtean baino %28 gehiago. Liburutegien web orriak ere aurreko urtean baino bi aldiz bisita gehiago izan zituen 2019an.