BILBO. Bilboko Udalak 1,3 milioi euro bideratu ditu gaur, maiatzak 4, astelehena, hasiko diren San Adrian auzoko Floresta parkeko obretara. Lanak 8 hilabeteko iraupena izatea espero da, eta parkeko erabilerak berritzera eta antolatzera bideratuta daude.

Florestak hiru gune bereizi izango ditu, erabilera zehaztuarekin eta espazio horien beharren araberako elementuekin. Zehazki, parke bat, plaza bat eta aisialdirako gune bat jarriko dituzte; hiru espazioak irisgarriak izango dira eta elkarri lotuta egongo dira. Berdeguneak berritu, jolasguneak handitu eta egonaldi-eremu estaliak egongo dira. Arkitektura-oztopoak kenduko dira, eta argiztapen funtzional bat eta beste bat apaingarria konbinatuko dira.

Obrek 1,3 milioi euroko inbertsioa eskatzen dute, gaur hasi eta 8 hilabete inguruko iraupena izango dute.

PARKEA

Zuhaitz-masa gehiena dagoen lekua da. Ingurune horretan, egungo elementuen kokapena mantenduko da, eta zoladura berrituko da, bi akabera erabiliz, egoteko eta pasatzeko eremuak bereizteko. Parterretan eserlekuak egongo dira, eta argi berezi bat, dauden luminariak eta altuera txikian sartutako beste batzuk konbinatuz, zorua argiztatzeko.

PLAZA

Plaza diafano bat egingo da, bere perimetroan bankuak izango dituena eta erdigunea libre izango duena, gaur egun dagoen zuhaitz zentralak hartzen duen espazioa izan ezik. Gaur egun, parkearen eta plazaren inguruan, zenbait zuhaitz gaixo daude, kendu egingo dira, eta, horien ordez, pergola bat jarriko da, plazaren eta beste bi eremuen arteko lotura-elementua izango dena. Gainera, elementu bioosasungarri batzuk instalatuko dira hor, Bilbon estalita egongo diren lehenak. Ijeztutako zurezko egitura baten bidez estaliko dira, euritik zein eguzkitik babesteko.

AISIALDIRAKO GUNEA

Aisialdirako gune estalia

Tarteko plataforma batean kokatuko da, bi aldeetatik sartzeko arrapala izango du, eta aisialdirako gune estali eta itxi bat izango du, instalazio horiek gauez itxi ahal izateko. Itxitura txapa zulatuzkoa izango da, eta kanpotik ikusteko aukera emango du.

Haurren jolas-eremuak, adinaren arabera banatuta, estali egingo dira eta erabilera anitzeko eremua ere bai, espazio librea izango da, eta bi aldeetan bankuak izango ditu.

Estalkia hiru zatitan diseinatuta dago: altuera handiagoko bi albo, alde garaienetik kurba duten habeekin, eta erdiko estalkia baxuagoa, linealagoa eta zuzenagoa. Estalkiak hiru kolore izango ditu - horia, berdea eta urdina -, tonu berdeko landare-motiboekin apainduta dagoen haurren zoladurarekin ondo emateko.

Aire zabaleko aisialdirako gunea

Erabilera anitzeko eremuaren ataria izango da, bankuak izango ditu, eta mugikorren eguzki-kargagailu bat ere jarriko da bertan. Gune horretara iritsiko dira, halaber, txirristak, parterreen hegalean egingo direnak, desnibela aprobetxatuz, bai eta haurrentzako eremu eskalagarri bat ere. Saskibaloi kantxa bat eta harmaila bat ere izango dira gazteen topagune.

ARGIZTAPENA ETA BESTE HOBEKUNTZA BATZUK

Argiztapenari dagokionez, oro har, iaz berritu ziren argiak aprobetxatuko dira, eta berriz kokatuko dira erabilera berrietara egokitzeko. Gainera, argiztapen apaingarri bat planteatu da, espazioari balio erantsia emateko argi naturalik gabeko orduetan, lurzoruaren arrasean dauden perimetroko hormatxoetan sartutako argiztapenean oinarrituta, parkeko eremuan oinezkoentzako ibilbideak markatzeko.

Era berean, estalitako espazioan egiturari lotutako argiztapen espezifikoa jarri da. Saskibaloi-kantxan eta plazan fokuak dituzten makuluak instalatzea aurreikusten da, espazioa luminarietatik libratzeko.

Aipatzekoa da, halaber, Goiko Torre kaleko plazan jarduteko ere balioko duela esku-hartzeak. Bertan, zoladura, altzariak, barandak, zintarriak eta erremateak berrituko dira. Altzari berriak xake-tauladun mahaiak izango ditu, aire zabaleko aisialdirako gune bat sortuz.

AUZOKIDE PLANA

Floresta parkean egingo diren lanak auzoak hobetzeko Auzokide Planaren barruan daude. Auzokide Plana da Bilboko Udalak herritarren parte-hartzerako duen tresnarik garrantzitsuenetako bat, eta funtsezkoa da Obretako eta Hiri Plangintzako Sailaren jardunean. Aurrekontua berdin banatzen da Bilboko 8 barrutien artean, hau da, 1,5 milioi euro barrutiko eta urteko.

Izan ere, Floresta parkeko proiektu hau garatzeko batzar ireki bi egin ziren auzokoekin; 150 pertsona bertaratu ziren batzarrotara.