BILBO. Pasaden igandean Bilboko Deustu auzoan dagoen Wal Crossfit Deusto gimnasioan gauzatu zen eraso sexistaren aurka azaldu da gaur goizean Bilboko Udala adierazpen ofizial baten bidez. Bilboko Udala osatzen duten talde politiko guztiek sinatu dute adierazpena, zeinak ondorengo hau esaten du:

  • Bilboko Udalak irmotasun osoz gaitzetsi eta bere samina agertu nahi du Deustun izandako eraso matxistarengatik. Ekintza horrek osotasun fisiko eta moralaren kontrako erasoa izateaz gain, giza-eskubideen haustura larri eta jasanezina dakar berez. Udal honek horrelako ekintzak arbuiatu eta ulertezintzat jotzen ditu. Halaber, emakumeari baita gertukoei ere, gure babesa helarazi gura diegu.
  • Eraso sexual eta sexistek gizartean eta gure bizimoduan, arlo pribatuan zein publikoan, ematen den indarkeria matxista islatzen dutela gogorarazi gura die bilbotarrei. Ildo horretan, emakumeentzat errespetuzkoak ez diren mota guztietako jokabideak arbuiatzen ditu, keinu zein jarrera sexistak eta muturreko erasoak barne hartuta.
  • Hori dela eta, Bilboko Udalak berdintasunaren aldeko gizarte zuzena lortzeko duen konpromisoari lotuta, edonolako eraso sexistei aurre egiteko deia luzatzen die herritarrei eta, aurrekoaren ondorioz, inolako tolerantziarik ez agertzera eta ekintza horiek zigorrik gabe ez uztera gonbidatzen ditu. Guztiok azaldu behar dugu emakumeen aurkako indarkeriaren edozein agerraldiren kontra. Horretarako, ekintza horiek salatu behar ditugu, ez ditugu baimendu behar eta haien aurrean ezin gara isildu; aitzitik, gure babesa erakutsi behar diegu jasaten dituztenei, hitz batean, banakako eta taldeko erantzukizuna gure gain hartu behar dugu eraso matxisten aurrean.
  • Bilboko Udalak eraso horiek gaitzesteko ekintzetan parte hartuko du eta Genero Indarkeriaren alorrean Arretarako eta Prebentziorako Programaren udal zerbitzuak horietaz baliatu behar dituztenen esku jarriko ditu, arreta osoa eta espezializatua eskaintzeko asmoz.