BILBO. "Andre eta jabe" izan da Bilboko Udalak martxoaren 8an ospatuko den Emakumeen Nazioarteko Egunerako aukeratutako leloa, emakumeen gaitasun indibidual, sozial eta politikoak baitan jartzeko.

"Andre eta jabe" izan da aukeratutako leloa, "Jaun eta Jabe" esamoldea gogorarazten duen hitz-jokoa, eta horren bidez aldarrikatu nahi da emakumeek gizarte honetan duten posizioa. Berdintasun Sailak, euskarazko esamolde herrikoiaren berrinterpretazio hori aukeratzean eta feminizatzean, emakumeak egon ez diren eta ez dauden autoritate eta legitimazio eremu eta esparruetan jartzen du arreta, baita horiek konkistatzeko premian ere. Udalak "Andre eta jabe" lelo hori proposatu du, emakumeek beren bizitzari buruz erabakitzeko duten gaitasuna, banaka zein taldeka, indartzeko beharrari buruzko asmo-adierazpen gisa.

Pop estetika batekin, emakumeak protagonista dira udal kanpaina honetan. Kartel nagusian, emakume baten silueta hondo more baten gainean da irudiaren erdigunea, aukeratutako leloaren isla izan nahi duen jarrerarekin. Emakume bat, zuzenean aurrera begira jartzen dena eta bere bizitzari buruz modu seguru eta independentean erabakitzeko duen gaitasunari heltzen diona.

Irudi nagusi hori beste sormen batzuekin batera irakurri behar da, non adin, jatorri, gorputz, baldintza edo egoera desberdinetako askotariko emakumeak agertzen baitira, baina aldarrikapen bat partekatzen dutenak: "Andre eta jabe", benetako berdintasunaren konkista aniztasunetik abiatuta.

KANPAINAREN ELEMENTUAK

Herritarrek benetako berdintasunaren aldeko konpromisoarekin bat egin dezaten eta estrategia berria ezagut dezaten, Bilboko Udala irudiak hainbat euskarri fisikoren bidez zabaltzen hasi da, hala nola hiri-altzarien bidez (markesinak eta muppiak), eta 500 kartel banatu dira Bilboko saltokien artean.

Halaber, kanpaina hori formatu digitalean kontsultatu ahal izango da www.bilbao.eus webgunean eta Udalaren sare sozialetako kontuetan: Bilbao Berdintasuna - facebook eta twitter- eta Bilbao Udala -facebook, instagram eta twitter.

Emakume guztiei aintzatespen sinbolikoa egiteko, Udalak bere eraikin nagusiaren fatxada argiztatuko du, kolore morez, gauetan, martxoaren 2tik 8ra.