BILBO. Bilboko Udalak, Ecovidriok eta Ecoembesek adostutako 'Birziklatu!- Recicla!' kanpaina Bilboko 30 ikastetxe ingurutan helduko da. Kanpainaren helburua 6-18 urteko neska-mutilak birziklatzearen arloan sentsibilizatzea da. Kanpaina otsailaren 14tik apirilaren 23ra bitartean egingo da.

Aurreko edizioetako arrakasta ikusita -ebaluazioan puntuazio ona jaso zuen iaz kanpainak, azken nota 10etik 8,65ekoa izan baitzen-, hiru erakundeek euren indarrak batu dituzte berriro hiri-hondakinak birziklatzeari buruzko kanpaina abian jartzeko ikasleen artean.

Laugarren edizio hau otsailaren 14an (ostirala) hasi eta apirilaren 23ra bitartean egingo da. Honako honetan Bilboko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako 32 ikastetxek parte hartuko du; guztira, 16 eta 18 urte bitarteko 1.859 neska-mutil.

Ekimena bultzatu duten erakundeek eskola-komunitatean eragin nahi izan dute, kolektibo hori oso lotua dagoelako ingurumenaren arloko egunean eguneko gorabeherekin, bai curriculumaren aldetik, bai udalerriko proiektuetan duten partaidetzagatik.

Hauek dira ekimenaren helburuak:

  • Hiri-hondakinen inguruko ezagupenak areagotzea, hondakinen hierarkia azpimarratuta: gutxitzea eta birziklatzea.
  • Azpimarratzea etxean sortzen ditugun hondakinen gainean pertsona bakoitzak duen garrantziaz eta erantzukizunaz kontzientziatuta eta sentsibilizatuta, geure gain hartzeko konponbiderako konpromisoaren premia.
  • Kanpainan parte hartzen dutenak bultzatzea jarrera aldaketa izan dezaten eta, horrela, hondakin gutxiago sortu eta sortutakoak behar bezala bereizteko.
  • Ekimenak eskolako komunitate osoa sartzen du hondakinak modu egokian bereiztearen aldeko ekintzan, ingurumenaren arloko sentsibilitate jasangarriagoaren bozeramaile bihurtuta.

SAIOA IKASGELAN

Geletan egiten den lana ordu eta erdi eta bi orduren artekoa izango da, eta hiru ataletan dago sailkatuta:

Lehenengo atalean hondakinak gutxitzeari buruzko edukiak jorratzen dira. Kontsumoa bultzatzeko gaur egun erabiltzen diren salmenta-teknikak bezalako gaiak aztertuko dira, bai eta saltoki handiek gehiago saltzeko erabiltzen dituzten merkataritza-estrategiak ere. Helburua da eztabaida piztea kontsumo arduratsurako jarraibideen inguruan.

Bigarrenean objektuen berrerabilpena jorratuko da.

Eta, hirugarren saioan, luzeenean, birziklatzea izango da ardatza, etxean eta eguneroko bizimoduan hondakinak modu egokian bereiztea landuko da. Jolas-dinamika baten bidez, lortu nahi da nerabeek barneratzea edukiontzi bakoitzera zer bota daitekeen eta zer ez, arreta berezia jarrita edukiontzi bakoitzera zeintzuk hondakin ez diren bota behar.

Azken batean, jarduera parte-hartzaileak prestatu dira, jakin-mina piztu eta hausnarketa eragiteko.

Gainera, eta ikasgeletan zuzenean jardun aurretik, kanpainaren bloga diseinatu da eta bertan daude kanpainarekin lotutako material didaktiko guztiak:

https://bilbaobirziklapena.com/material-didaktikoa/.

KANPAINA ETXEETAN ERE SARTUKO DA

Hondakinekin zer gertatzen den jakiteko galdera-sorta erantzuteko eskakizuna aitzakiatzat hartuta, kanpainako blogaren edukia ikusteko aukera ematen zaie gazteei, familia-dinamikaren barruan. Gainera, saria ere egongo da, Bilbon udaberri-udako agendako ikuskizun kultural baterako sarrerak zozkatuko baitira.

ECOEMBES

Ecoembes irabazi-asmorik gabeko ingurumen-erakundea da, plastikozko ontziak, latak eta brik motako ontziak (edukiontzi horia) eta kartoizko ontziak eta papera (edukiontzi urdina) berreskuratzea eta birziklatzea kudeatzen duena. Euren leloa da "elkarlanaren indarra". Herritar guztien artean gutxitzen ahalegintzen gara ontziek ingurumenean uzten duten arrastoa, beste erabilera bat emanez eta ekonomia biribilerantz joz.

Esku artean ditugun azken datuen arabera, 2018 urtean Estatuko eremu osoan ontzi arinen eta papera/kartoizko ontzien 1,4 milioi tona baino gehiago birziklatu ziren, birziklatze tasa %78,8an kokatuz. Portzentaje honi esker ingurumen onura dezente lortu dira, besteak beste, atmosferara CO2 gasaren miloi bat tona gutxiago isuri zen eta 5,8 milioi MWh energia aurreztu zen (600.000 etxetan urte oso batean kontsumitzen den energia). Halaber, 20,2 miloi metro kubiko ur aurreztu ziren.

ECOVIDRIO

Ecovidrio irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da eta beira-ontzien hondakinen birziklapena kudeatzeaz arduratzen da 1998tik. Konpainiak birziklatzeko katearen prozesu guztia gestionatzen du, sentsibilizazio-ekimenak egiten ditu eta beira-ontzien gaikako bilketaz, garraioaz eta tratamenduaz arduratzen da, bai eta ondoren merkaturatzeaz ere.

Ecovidriok zerbitzu publikoa, unibertsala eta osoa bermatzen ditu eta, halaber, produktuak beiran ontziratzen dituzten konpainiei gestio-eredu eragingarria (ingurumenaren eta ekonomiaren aldetik) jartzen die eskuragarri.

Gaur egun, 8.000 ontziratze-enpresa dira birziklatze-sisteman ekarpena egiten dutenak. Ecovidrion integratutako sektoreek Espainiako BPGren % 3 baino gehiago osatzen dute eta beirazko ontzien % 99 merkaturatzen dute.