Hirugarren edizioa

Zabalik dago "Bilbao Gazte Balioak Martxan" sarietara aurkezteko epea

10.02.2020 | 11:01
Bilbao Gazte Balioak Martxan ekimenaren helburua da euren ingurune soziala hobetu gura duten gazteen ekimenak babestea eta ezagutzera ematea.

BILBO. Hemen da Bilboko Udalak antolatutako "Bilbao Gazte Balioak Martxan" sarien hirugarren edizioa. Gaur, hilak 10, ireki egin da sarietara aurkezteko epea.

Aurreko edizioetan bezala, helburua da balioak dituen Bilbo baten garapenean gazteek duten zeresana indartzea, eta gazteek hirian gertatzen den aldaketa sozialaren protagonista gisa duten eginkizuna aitortu eta indartzea. Berrikuntza gisa, hirugarren edizio honetan, gazteen boluntariotzarekin zerikusia duten proiektuak sarituko dira.

Itxaso Erroteta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kiroleko zinegotziak adierazi duenez, "Bilbo beti izan da hiri solidarioa, eta, neurri handi batean, pertsonen eta entitateen sare indartsu batek bultzatu izan du horretara. Hain zuzen ere, gazte askok parte hartzearen bidez eta, beraz, boluntariotzaren bidez, adierazten dute euren konpromiso soziala, eta hala eraikitzen dute euren balio-multzoa".

Proiektua hiriko gazteentzat da, 16 eta 30 urte artekoak, 4 eta 10 pertsona arteko taldeetan banatuta. Proiektua aurkeztu gura duten pertsona guztiek martxoaren 6ra arteko epea daukate. Izena emateko, bilbaogazte.bilbao.eus web-orrira joan behar dute eta galdetegia bete. Aurkeztutako eskaera guztien artean gehienez 5 ekimen hautatuko dira eta bakoitzak 4.000 euroko saria jasoko du, proiektua gauzatzeko.

Gizartean eragina duten ekimen berritzaileak baloratuko dira, parte-hartzea eta ekintza boluntarioa sustatzen dituztenak, Bilbao Balioen Hiria agiriaren ildotik.

Epaimahaia hiru pertsonak osatuko dute: Gazteria eta Kirol Saileko ordezkari batek, Boluntako ordezkari batek, eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko ordezkari batek.

Aurreko bi edizioetan guztira 144 proposamen jaso ziren. 40 ekimen saritu eta, beraz, garatzen lagundu dugu, 300 bat gaztek sustatutakoak. Jarduera horiek milaka bilbotarrengana iritsi dira.

"BILBAO, BALIOEN HIRIA"

"Bilbao, Balioen hiria" ekimenaren barruan sartzen da ideia-lehiaketa hau. Europa mailan proiektu berri eta berritzailea da, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak berak sustatutakoa. Azken helburua Bilbo nazioartean hiri ezaguna izatea da, baina ez bakarrik hirigintza- eta gizarte-arloko eraldaketagatik, hiria bere onera ekartzeagatik eta suspertzeagatik, baizik eta errespetua eta elkarbizitza bezalako printzipioekin duen konpromisoagatik.

"IDEIAK MARTXAN"

"Bilbao Gazte Balioak Martxan" sariak "Ideiak Martxan" programaren barruan sortu ziren. Bilboko Udalak jarri zuen abian proiektu hori, hiriko gazteen kolektiboak bultzatzearren sormenezko jardueren proposamenak asma eta aurkez ditzaten, gazteentzako udal-eskaintza aberasteko.

Horrela, gazteekiko topaguneak sortzen dira, ikuspuntu integraletik gazteak udal-politiken partaide egiteko eta udal-politika horiek topagune horietan bertan diseinatzeko eta lehenesteko. Urte guztian zehar aurkez daitezke proposamenak. Interesgarriak eta bideragarriak izanez gero, sustatzaileekin batera landuko ditu Udalak, proiektuak gauzatzeko.

Sare sozialak:
@Bilbao_udala
@BilbaoGazte
@BilbaoBalioak
#gazteboluntarioak
#BalioakMartxan #BilbaoBalioenHiria