BILBO. Ondarea kontserbatzea ez denez ondarea iraunaraztea bakarrik, baita ondo zaintzea ere, Bilbao Zerbitzuakek, Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailaren mendeko sozietate publikoak, arrakastaz amaitu du Bilboko Hilerria kontserbatzeko plan garrantzitsu bat, azken hamarkadetako garrantzitsuenetakoa.

2018-2019 Gazte Enplegurako Planaren barruan egin diren lanetan, hainbat piezatan egin da lan, haien balio artistikoaren eta ondare balioaren arabera -5 monumentu, 2 panteoi handi, 20 panteoi eta 9 hilobi-, haien narriadura geldiarazteko eta egoera onean jarraituko dutela bermatzeko.

Esku-hartzearen aurretik, multzoen kontserbazio-egoerari buruzko azterketa egin da, multzo bakoitzean aritzeko premia eta hura gauzatzeko beharrezkoak diren materialak, produktuak eta tresnak prestatu ahal izateko. Horrela, lehenengo "azterketa" eta identifikazio lana egitea lortu da, fitxa teknikoen eta argazkien bidez.

Lanak gehiago bideratu dira ondarea zaintzen dela ziurtatzera zuzendutako oinarrizko esku-hartzeetara, zaharberritze lanetara baino. Horrela, lan hauek egin dira: garbiketak egin dira pilatutako zikinkeriaren gainazaleko geruza kentzeko, morteroa, itsasgarria eta sendogarria aplikatu da, eta biozida ere aplikatu da, harrizko euskarrian likenak eta bestelako mikroorganismo kaltegarriak agertu ez daitezen. Jarduketa bakoitza fitxa independenteetan jaso da, eta fitxa horiek elkartuta, Bilboko Hilerrian egindako lanaren azken aldiko benetako memoria osatzen dute.

Esku hartu beharreko multzoak aldez aurretik aukeratu ditu hilerriko zuzendaritzak, Udala jabe den eta euren interes artistikoarengatik azpimarragarriak direnen artean. Egin diren lanak, piezak higaduraren eta klima eragileen aurrean egon izanaren ondorioak saihestera edo konpontzera egon dira bideratuta, horiek hondatzea eta jatorrizko itxura galtzea eragin baitute.

Horretarako, proiektuak metodologia hau jarraitu du:

Ikerketa lana egitea, hilerriko piezek dituzten datuak bildu eta tipologiaren arabera taldekatu.

Piezen morfologiaren, osaketaren eta kontserbazio-egoeraren deskribapena, oro har.

Lana egiteko beharrezkoak diren materialen eta produktuen zerrenda.

Obra bakoitzak duen beharraren arabera jarraitu beharreko prozesuak azaltzea, guztia kontserbazio-testuinguruan jarriz.

36 pieza artistikotan egin dira esku-hartzeak:

1. Monumentuak

  • Klaustroa - Hilerriko sarrera nagusiaren aurrean.
  • Gerra Zibileko mausoleoa - Hilerriko sarrera nagusiaren aurrean.
  • Soldaduei eskainitako monumentua -30. etxadia (bulegoen ondoan).
  • Casilda Iturrizar Panteoia -1. mailako panteoia, 1 zenbakia. Begoñako Gure Ama.
  • Niños del Circo del Ensanche Panteoia - Begoñako Gure Ama, Oroimenaren Basoaren aurrean.

2. Panteoi handiak

  • Nicolasa Martínez de las Rivasen Kapera - G.P. 7 zenbakia. Begoñako Gure Ama.
  • Ocharan Kapera - G.P. 8 zenbakia. Begoñako Gure Ama.

3. Panteoiak

  • Azcue Panteoia -1. mailako panteoia. 3 zenbakia. N. etxadia.
  • Echevarría Kapera -1. mailako panteoia. 13 zenbakia. E. etxadia.
  • Echevarría Panteoia - La Llana -1. mailako panteoia. 14 zenbakia. E. etxadia.
  • Escauriaza Kapera -1. mailako panteoia. 3 zenbakia. Begoñako Gure Ama.
  • Villabaso Kapera -1. mailako panteoia. 1 zenbakia. I. etxadia.
  • Hernández Panteoia -1. mailako panteoia. 7 zenbakia. N. etxadia.
  • Urrutia Panteoia -1. mailako panteoia. 8 zenbakia. N. etxadia.
  • Astigarraga Panteoia -2. mailako panteoia. 5 zenbakia. L. etxadia.
  • Barasorda Panteoia -2. mailako panteoia. 2 zenbakia. D. etxadia.
  • Cámara Panteoia -2. mailako panteoia. 3 zenbakia. A. etxadia.
  • Gaminde Ayarragaray Panteoia -2. mailako panteoia. 5 zenbakia. C. etxadia.
  • Ibarrola Panteoia -2. mailako panteoia. 4 zenbakia. D. etxadia.
  • Llona Panteoia -2. mailako panteoia. 2 zenbakia. O. etxadia.
  • Martín de Aldama Panteoia -2. mailako panteoia. 41 zenbakia. Begoñako Gure Ama.
  • Rodríguez Galarreta Panteoia -2. mailako panteoia. 10 zenbakia. D. etxadia.
  • Saralegui Colina y Zarandona Panteoia -2. mailako panteoia. 8 zenbakia. D. etxadia.
  • Bernier y Gorostiaga Panteoia -3. mailako panteoia. 12 zenbakia. San Nikolas.
  • Pedro eta Mariano Goicoechea Panteoia -3. mailako panteoia. 13 zenbakia. San Nikolas.
  • Menchaca y Goiri Panteoia -3. mailako panteoia. 5 zenbakia. R. etxadia.
  • Saracho Panteoia -3. mailako panteoia. 9 zenbakia. R. etxadia.

4. Hilobiak

  • Ipiña Panteoia -28. eta 29. hilobiak. G. etxadia.
  • Leal y Lecea Panteoia -173. hilobia. O. etxadia.
  • Maguregui y Labayru Panteoia -59. hilobia. O. etxadia.
  • Olascoaga Zabalo Panteoia -91. hilobia. C. etxadia.
  • Pérez-Yarza Panteoia -22. hilobia. P. etxadia.
  • Pocheville Linares Panteoia -74. hilobia. D. etxadia.
  • Saenz Venturini Panteoia -195. hilobia. O. etxadia.
  • Tomé y Maestre Panteoia -86. hilobia. B. etxadia.
  • Couto Panteoia -4. hilobia. 19. etxadia.

Lanak jaso dituzten pieza guztiek zikinkeria zuten gainazalean, igarotako denboraren eta ingurumeneko faktoreen (hezetasuna, atmosferako kutsadura) ondorioz. Landaredia egon da horietan guztietan, eta baita eraso biologikoa ere (likenak eta goroldioa). Aldaketa eragin duten faktore horien guztien ondorioz, piezak apurtuta edo pitzatuta zeuden. Hareharria duten pieza gehienetan harea argi eta garbi ikusten zen.

Kontserbazio-lan horren guztiaren helburua, interesgarritzat katalogatu diren elementu guztiak zaintzea eta denboraren iraganak eragindako narriaduratik babestea da. Horregatik, Bilboko hilerrian egindako lanak ezinbestekoak izan dira hautatutako multzoen aire zabaleko egoerak eragindako narriadura askori aurre egiteko.

Kontserbazio-prozesuetan, mota guztietako landaredia (likenak, goroldioak, landareak, etab.) garbitu, finkatu eta deuseztatu da. Izan ere, begi bistan hauteman ez arren, horien guztien kontra borrokatzea ezinbestekoa izan da tratatutako elementuak "saneatzeko" eta elementu bakoitzari egoera osasuntsuagoa emateko.

KOLORE ALDAKETA MULTZOETAN

Egin diren garbiketa-prozesuek atzemandako piezen gainazalean pilatutako zikinkeria orokorra kentzen lagundu dute. Zoritxarrez, tratatutako elementu gehienak harrizkoak ziren, material porotsuak, hain zuzen ere. Ondorioz, zikinkeria ez zegoen bakarrik azaleko mailan, sakonago sartuta ere bazegoen. Horrek multzoen kolore aldaketa ekarri du.

Oro har, piezek, kolore belztua hartu dute, berdetasunaz gain (landaredia dagoelako). Egindako garbiketek zikinkeria erabat ezabatzeko beharrezko zen mailara heltzea lortu ez badute ere, pieza askoren kolore aldaketa nolabait neutralizatzea lortu dute. Alde horretatik, erabilitako biozida oso lagungarria izan da. Garbiketa lanak amaitu eta morteroa aplikatu ondoren eman zen, babes-geruza gisa. Baina hilabeteak igaro ahala, aktibo jarraitzen duela ikusi ahal izan da, eta multzoen gainazalean lortutako garbitasun mailari eusten laguntzen du.

HARRIZKO MATERIALAREN ERORKETARI AURRE EGITEA LORTU DA

Garbiketez gain, gehienak hareharrizkoak diren multzo batzuetan harrizko azalera finkatu da. Harri mota hori Bilboko Hilerrian daudenen artean porotsuenetakoa da. Kolore bat edo beste izan dezakeen harri mota da, normalean grisa edo harearen kolorekoa, eta aire zabalean egotearen ondorioak beste mota batzuek baino gehiago jasaten ditu, xurgatzeko duen ahalmenarengatik.

Izan ere, aire zabalean egote horren ondorioz, hareharrizko multzoak besteak baino hondatuago daude (harria heze dago barrutik; eraso biologiko gogorragoa jasaten dute; erorketak gertatzen dira materialaren beraren deskohesioarengatik; harria harea bilakatzeko prozesuan, etab.), eta, ondorioz, finkatzeko lanak egin dira. Prozesu horri esker, materialaren ezaugarriak nolabait "itzultzea" eta erorketak geldiaraztea lortu da.

Ondorio gisa esan daiteke esku-hartzeetan aurrera eramandako prozesuak eraginkorrak eta beharrezkoak izan direla hilerrian dagoen ondarea babesteko eta zaintzeko. Hala ere, beharrezkoa izango litzateke aldian-aldian errepikatzea.