BILBO. Bilboko udalak 'Gaztekluba Ideiak' jarri du martxan. Programaren helburua 15 eta 17 urte bitarteko gazteek aisialdi osasuntsuko proiektuak garatzea da. Interesa dutenek otsailaren 21era arte aurkez ditzakete beren proposamenak. Bost ekimen aukeratuko dira, eta 2.000 eurora arteko saria emango zaie gauzatzeko.

Itxaso Erroteta Gazteria eta Kiroleko zinegotziak nabarmendu duenez, "gazteekin aisialdi osasungarriaren kultura eraiki nahi dugu, eta gazteei zuzendutako udal programazioaren diseinuan gazteen parte-hartzea sustatu". Errotetak azpimarratu duenez, Gaztekluba Ideiak lehiaketarekin "balio garrantzitsuak sustatu nahi ditugu nerabeen garapenean, hala nola ekimenean, sormenean, antolatzeko gaitasunean eta talde-lanean", eta gaineratu duenez, "gazteen interesekin lotutako ekimenak bilatzen ditugu, arte plastikoak, ikusizkoak, ikus-entzunezkoak, eszenikoak edo musikalak, besteak beste".

Interesa duten gazteek 2020ko otsailaren 21era arte aurkez ditzakete beren proposamenak. Horretarako, www.bilbaogazte.eus webgunean eskuragarri dagoen inprimakia bete eta gazteklubabilbao@bilbao.eus helbidera bidali beharko dute. Aurkeztutako proiektuek baldintza hauek bete behar dituzte:

  • Gutxienez 15 eta 17 urte bitarteko 3 gaztek sustatu beharko dituzte (hala ere, taldeko kideren batek 14 eta 18 urte bitartean izatea onartuko da)
  • Bilbon egingo dira, espazio irekietan edo espazio komunitarioetan, 12 eta 17 urte bitarteko neska-mutilek parte hartzeko aukera izan dezaten.
  • eta Aste Santuko eta udako (ekainaren 22tik 30era) oporraldietan edo 2020ko ekainaren 30a baino lehenagoko asteburuetan egingo dira.

Gazteek bigarren hezkuntzako ikastetxeen eta HLPPen, Bilboko gazte-elkarteen edo hezkuntza-aisialdiko taldeen eta hirian Gazteguneak kudeatzen dituzten erakundeen bidez aurkeztu ahal izango dituzte beren ideiak. Horrela, proiektuaren buru den gazte-taldeak gutxienez irakasle, begirale edo hezitzaile baten laguntza izan beharko du, hurrenez hurren.

Aurkeztutako ekimen guztietatik bost proiektu aukeratuko dituzte, eta horiek gauzatzeko 2.000 euro jasoko dituzte gehienez. Gainera, proiektuen arduradun diren gazteak GazteKluba udal-programako profesionalek dinamizatutako laguntza-saioetara joango dira, hautatutako ideiak definitzen eta gauzatzen lagundu diezaieten. Gazteria eta Kirol Sailak lagundu egingo die garatu nahi dituzten jarduerekin bat datozen udal-espazioak erabiltzen.

#GAZTEKLUBA

#Gaztekluba nerabeentzako aisiarako espazioan kokatutako ekimena da #Gaztekluba Ideiak, Bilboko Udalaren eta gazteen talde eta erakundeen arteko lankidetzan mamitua.