BILBO. Hurrengo astelehenean, hilak 13, martxoaren 31ra arte iraungo duen 'Expodistrito' erakusketa zikloaren edizio berria jarriko da martxan. Epe horretan, uriko zortzi udaltegietan (Abando, Begoña, Burtsa, Castaños, Errekalde, Otxarkoaga, San Frantzisko eta San Inazio) artearekin loturiko hainbat ekintza antolatuko dira. Dagoeneko konfirmatuta dago 'Encontrarte' izeneko erakusketa kolektiboa, non 20 artista inguruk parte hartu duten.

'Expodistrito' programa, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak urtero martxan jartzen duen ekimena da, eta bere helburuen artean hiribilduko arte adierazpenak deszentralizatzea eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea daude, eta baita jada ezagunak diren beste batzuen erakustoki izatea ere.

Urteko lehen hiruhileko honetako erakusketa guztiek datorren astelehenean zabalduko dituzte ateak, eta urtarrilaren 30era arte egongo dira zabalik. Montserrat Villamayor izango da San Inazioko Udaltegiko artista gonbidatua, txokoak eta paisaiak, erretratuetan estilo figuratiboarekin eta errealistarekin egindako puska txikiak, biltzen dituen “Nire espazioak, nire pasioak” izenburuko mihise gaineko olio lanen hautaketarekin. Otsailaren 3tik aurrera erakusketa Castañoseko udaltegian ikusi ahal izango da.

San Frantziskoko udaltegiari dagokionez, Txomin Goyoaga artistaren erakusketarekin irekiko du 'Expodistritoko' edizio hau. “Euskerean bidetik” izenburupean elkartutako olio-pinturen bilduma bereziaren bitartez, euskara eta bide horretan bertsolariek, poetek, abeslariek eta euskaltzaleek egin duten bidea omendu gura ditu. Otsailaren hasieran erakusketa hori Begoñako Udaltegira eramango da, eta ondoren San Inazion ikusi ahal izango da.

Errekaldeko Udaltegiak ere Román Arostegiren erakusketa jasoko du astelehenetik aurrera. Natura, eta hegaztiak batez ere, asko maite dituen artistak pasio hori darama olioan, akuarelan, pastelean eta eskulturan egiten duen artera.

Urtarrileko bigarren hamabostaldi honetan, Abandoko Udaltegiko erakusketa aretoak erakusketa kolektiboa eskainiko die ikusleei. “Encontrarte. Artistas por la verdad y la esperanza” izenburuarekin, lapurtutako amatasunen arazoan, lapurtutako ume jaioberrien draman, zentratuko diren hogei artistaren topaleku izan gura du. Erakusketa hilaren 17an inauguratuko da, musika errezitaldi txiki batekin eta erakusketa bisitatuz, artista batzuen presentziarekin.

Begoñako Udaltegiak diziplina asko lantzen dituen Endika Basaguren artistaren lanen aukeraketa bat jasoko du astelehenetik aurrera, lana New Yorken, Londresen edo Miamin egin diren bakarkako eta taldekako erakusketetan ikusgai egin ondoren. Oraingo honetan, marrazkien eta eskultura pieza txikien aukeraketa batekin osatzen den instalazioa aurkeztuko du.

Horrez gain, 'Expodistritok' argazkilaritzari buruzko erakusketa bat programatu du urteko lehen hiruhileko honetarako, Iñaki Alonsoren lana jendeari gerturatzeko. Otxarkoagako Udaltegian bisitatu ahal izango da, eta otsailaren lehenengo hamabostaldian San Inazioko Udaltegira eramango da.

Erakusketa bakoitzaren egun zehatzak udaltegietan, barrutietako programazioa jasotzen duten webguneetan (www.kulturabarrutik.eus eta www.bilbaokultura.eus) eta 010 telefono zenbakian kontsulta daitezke.