BILBAO. Gaur, arratsaldeko 18:00etan, Bilboko Arriaga Antzokiak 'Baloreak' musika taldeak Bilbon eskainiko duen lehenengo kontzertua hartuko du. Bertan Udaleko ordezkariak egongo dira, hala nola Juan Mari Aburto alkateak, eta Oihane Agirregoitia, Koldo Nerbaiza eta Gonzalo Olabarria zinegotziak.

'Baloreak' musika proiektu bat da, zeina sortu baitzen musikaren bitartez gaztetxoen artean baloreak sustatzearren eta haiei baloreen garrantziaz gogoeta eragitearren, jostatuz, dibertituz eta kulturaz baliatuz.

Iradi, Asier, Kaiet, Netsanet eta Luna dira taldea osatzen duten 5 gaztetxoak: 8 eta 14 urte bitartean dauzkate, eta hainbat lurraldetan dute jatorria. Beren lehenbiziko musika-bildumako konposizioak euskaraz dira osoki, eta gazteenentzat dira: Elkartasuna, Nortasuna, Ezberdin izatea, Trikimakotan, Eztzaitugu Ahaztu, Zerua Maitatzen, Gure ausartak eta Mundu berri bat, hain zuzen.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak interes bizia agertu du proiektu honen aldera hasieratik bertatik, Baloreak proiektuak txikienengana iristen laguntzen duelako eta haiek baloreetan hezten, eta jendarte hobe bat egiten, orain bererako eta etorkizunerako. "Ekimen hau guztiz bat dator Bilbao Balioen Hiria proiektuarekin, zeinaren helburua baita Bilboko Uria ezagutua izan dadin ez bakarrik hirigintzazko oneratze eta berritzeagatik, baita ere bere jendarte eredu balioetan oinarrituagatik, hain zuzen, Bilbo Balioen Hiria Agirian jasotakoengatik, zeina Bilboko gizarte eragileek eta herritarrek landu baitzuten".

BILBO BALIOEN HIRIA

Bilbao Balioen Hiria delakoa proiektu bat da, lortu duena gune bat sortzea erakundeen, gizarte-, kultura- eta kirol-eragileen, enpresen, hedabideen, ikastetxeen eta herritarren arteko analisirako, eztabaidarako, gogoetarako eta elkarlanerako, Bilbon partekatzen diren balio multzo bat sustatzearren.

Proiektu horren esparruan sortzen da Bilboko Balioen Agiria izenekoa, 17 balio biltzen dituena, Uriko elkarbizitza onaren antolamenduaren giltza izan behar direla jo izan direnak herritarren parte hartze bidezko prozesu baten ostean.