Euskara sustatzeko

Ekintzaz beteriko urtarrila dakar Darabilbo programak

Darabilbo web-orrialdean eman behar da izena eta ezinbestekoa da 16 urte beteta izatea, familiako ekintzetarako izan ezik

30.12.2019 | 12:32
Darabilbok urtarrilean eskainiko dituen jardueren programa.

BILBO. Bilboko Udalak, Bilboko Euskaltegien Sarearekin batera kudeatzen eta antolatzen duten 'Darabilbo' programak euskara sustatzeko ekintzaz beteriko urtarrila dakar oraingo honetan. Programa horren xede nagusia euskara jendearen eguneroko bizitzan sartzea da, jendeak edonon eta edonorekin euskaraz hitz egitea, eta helburu hori lortzeko hainbat tailer, dastaketa, solasaldi eta bisita gidatu, besteak beste, antolatu dituzte, denek gozatu dezaten.

Hauek dira urtarrilean eskainiko diren jarduera eta tailer batzuk: bisita gidatuak Bilboko Arte Ederren Museoan, euskal dantzen saioak, gozogintzako eta gastronomiako tailerrak, garagardoa, txakolina, ardoa, eta janari beganoen dastaketak, gosari-solasaldia beste batzuen artean.

Jarduera horietan parte hartzeko, Darabilbo web-orrialdean eman behar da izena eta ezinbestekoa da 16 urte beteta izatea (familiako jardueretan izan ezik).

"Erabili Euskara Bilbon" lelopean, "Darabilbo" programako jarduerak taldeetan egiten dira urteko hil guztietan (uztailean eta abuztuan izan ezik) eta uriko barruti guztietan. Euskara ikasten ari direnentzat da, euskara hobetu nahi dutenentzat, edo kultura eta aisialdia euskaraz bizi nahi dutenentzat. Horrez gain, aisialdiko programa honetan beste jarduera batzuk iradoki edo antolatu nahi dutenek Whatsapp mezu bat bidali dezakete zenbaki honetara: 607530132.

Informazio gehiago nahi duten guztiek, 'Darabilbo' programaren web orrialde ofizialera jo dezakete horren inguruan gertatzen den guzti-guztiaz ohartzeko: www.darabilbo.eus