32 milioi baino gehiago

Bilboko Udalaren wifi sareak konektatutako gailuen errekorra gainditu du 2019an

Udalaren wifi sarea konexio modu libre, seguru eta doako gisa sendotu da aurten

27.12.2019 | 12:39
Bilboko Udaletxea, ibaiadarraren beste aldetik ikusita.

BILBO. Bilboko Udalak instalatu zuen doako wifi sareak errekor guztiak hautsi ditu aurten, 2019an. Besteak beste, 32 milioi gailu desberdin baino gehiago konektatu dira gutxienez aldi batean udal wifi sarera, 2018an baino milioi bat gehiago. 

Halaber, aurtengo urrian lehen aldiz gainditu da hileko 3 milioiko kopurua egunero konektatzen diren gailuei dagokienez, 3.028.668 gailurekin. San Tomas egunean, abenduak 21, larunbat batean konektatutako gailuen marka absolutua gainditu zen, 98.756 gailurekin.

1500 WIFI GUNE

BILBAO WIFI-ra konektatutako gailuen kopurua handitzeko arrazoietako bat da Bilboko Udalak esfortzu handia egin duela eta konpromisoa hartu duela udalaren konexio-sarea uri osoan zehar zabaltzeko. Bilbok urian zehar banatutako 1500 puntu dauzka dagoeneko, uriko erreferentziako eta zerbitzuko esparru gehienei estaldura ematen dietena, baita uriko auzo guztiei ere.

Bilbao WIFI sarea uriko alde estrategiko askotan dago:

  • Udal eraikin guztietan.
  • Osakidetzan (Basurtuko ospitalea, Santa Marina eta 6 osasun-zentro).
  • Eusko Trenbide Sarean (tranbia linean, estaldura dago geraleku guztietan, eta metroaren 3. linean).
  • Euskalduna jauregian (barruan eta inguruan).
  • Bizkaia frontoian (barruan eta inguruan).
  • Guggenheim Museoan.
  • Bilboko Itsas Museoan (barruan eta inguruan).
  • Azkuna Zentroan (barruan eta inguruan).
  • Arriaga Antzokian (barruan eta inguruan).
  • Athletic Club: kanpoko estaldura San Mamesen.

Udalaren helburua da estaldura bermatzea, ez bakarrik zona turistiko eta jendetsuetan, baizik eta uriko auzo guztietan. 2019. urtean, wifi zona berriak jarri dira martxan Julian Gayarre eta Peñaskal kaleetan, baita auzo hauetako zenbait eremutan ere: Basurtu, Zorrotza, San Inazio, Deustu, Txurdinaga, Otxarkoaga, Irala, San Adrian, Errekalde, Mesedeetako moila eta San Frantzisko kalea, besteak beste. Altamira auzoko erromesen aterpetxean ere jarri da.

Gainera, Artxandako Funikularrarekin batera (uriko igogailu eta arrapala publikoak kudeatzen dituen sozietatea) egindako proiektuari esker, wifi estaldura jarri da kokaleku horien inguruetan. 40 instalaziotik gora izan dira, batik bat Bilboko auzo garaietan dauden zonetan.

Bilbotarren ia % 100ak udalaren wifi estaldura dute ohiko etxebizitzatik 300 metrora. Udalaren wifi sarea handitzeko, udalak uriko bizilagunen iradokizunak biltzen ditu barrutien bitartez.

UNIBERTSITATEKO KONEXIOAN LIDERRAK

Udaleko sarearen azpiegiturak eduroam seinalea ere zabaltzen du uri osoan zehar. Sare hau nazioarteko estandar bat da, eta munduko ia unibertsitate guztiek erabiltzen dute. Zabalkunde honi esker, Bilboko wifi sarea Estatuko liderra da unibertsitate-sarearen estalduran eta konektatutako pertsonen bolumenean: astean 17.000-20.000 konexio egoten dira.

Bilbo izan da, gainera, bere hiri-ingurune guztia campus birtual handi bat bihurtu duen bakarra. Campus honetan, unibertsitarioak edozein lekutatik konektatu ahal dira euren ikastegiarekin.

Udalaren wifi sarea bilbotar gazteek eta turistek, batez ere atzerritarrek, ondoen baloratutako udal zerbitzuen artean dago.

noticias de deia