BILBO. Olentzero bihar, abenduak 23, astelehena, helduko da Bilbora, Mari Domingi, Lamina, Basajaun eta galtzagorriekin batera. Bertako erdiguneko kale nagusietatik omenezko kalejira egingo dute. Ekitaldi hau dela-eta, aldi baterako itxi beharko da zirkulaziorako Kale Nagusia-Plaza Biribila-Areatza ardatza. Beraz, garraio publikoa erabiltzea gomendatzen dugu.

Olentzerori ongi etorria egiteko desfileak eragina izango du, modu mailakatuan, Moyua plazan, Kale Nagusian, Plaza Biribilean, Nafarroa kalean, Areatzako zubian eta Arriagako plazan, 17:00etatik 20:00etara, gutxi gorabehera.

Kale Nagusiko eta hura zeharkatzen duten kaleetako (Portuko markesa, Astarloa eta Mazarredo zumarkalea) aparkalekuetara ezin izango da sartu ezta atera ere, kalejira tarte horretan doan unean.

Bestalde, Mazarredo zumarkalearen eta Astarloa kalearen artean dagoen Ledesma kaleko bide-zatian, aurreko bidegurutzetik sartu eta irten beharko da, seinalistek lagunduta.

Gainera, kalejira Nafarroa kaletik igarotzen ari den bitartean, eragozpenak egongo dira Bailen eta Erripa zeharkako kaleetan eta hor dauden garajeetan.

BILBOBUS

Olentzeroren desfileak eragina izango du Bilbobusen linea batzuetan. Kale Nagusiko 36, 3 eta 7ko geralekuak (01, 10, 28, 56, 62, 72, 77 eta A7 lineak) kendu egingo dira 17:00etatik desfilea pasatu arte.

Gainera, zirkulazioa mozten denean, desbideraketak honela egingo dira: Moyua plazarantz: Urkixo zumarkalea - Iparraguirre - Moyua plaza eta Plaza Biribilerantz: Colón de Larreategi - Mazarredo zumarkalea

Era berean, 17:00etatik aurrera, 56 eta 77 lineetako autobusek, Moyua plazatik abiatuta, ibilbide hau izango dute: Elcano - Hurtado de Amezaga - Zabalburu - Gorte kalea, eta hortik, ohiko ibilbidea.

28, 62 eta 72 lineetako autobusek ere aldatuko dute ohiko ibilbidea. Haren ordez hau izango dute: Colón de Larreategi - Buenos Aires - Udaletxeko zubia, eta hortik, ohiko ibilbidea. Erriberatik datozen autobusek ibilbide hau izango dute: Mesedeetako zubia - San Frantzisko - Zabalburu plaza - Ayala - Urkixo zumarkalea - Iparraguirre - Moyua plaza, eta hortik, ohiko ibilbideak.

Informazio guztia ikusi ahalko da geralekuetan, www.bilbao.eus/bilbobus web-orrian eta 010 telefonoan.

UDALTZAINGOAREN OPERATIBOA

Segurtasun Sailak dispositibo berezia antolatu du egun horretarako. Kalejirak irauten duen bitartean, Udaltzaingoa izango da ibilgailuen zirkulazioa arautu eta ibilbidea zuzendu eta babesteko ardura izango duena Arriaga Antzokirako bidean.

Gainera, udaltzainek segurtasun arloko zaintza- eta kontrol-lanak egingo dituzte, jende-pilaketak aurreikusi baitira. Patruilak hiriaren erdialdean ibiliko dira, batik bat, Kale Nagusiaren eta Areatza inguruko kaleetan, kalejira ikusi eta Gabonetako erosketak egiteko jende ugari joatea espero delako.

GARBIKETA

Olentzeroren etorrerak Bilboko Udaleko Garbiketa Zerbitzuarentzat lan handiagoa dakar. Aurten ere, zerbitzu horren ardura duten beharginak Bilboko kaleak garbi-garbi uzten ahaleginduko dira, kalejira baino lehen eta hura amaitutakoan.

Horretarako, Obra, Zerbitzu, Hiri-eraberritze eta Espazio Publikoko Sailak garbiketarako operatibo berezia prestatu du: 30 behargin eta 35 makina -10 erratz-makina, pick-up motako 4 ibilgailu, garbitzeko 11 porter ibilgailu eta 10 haize-makina- arituko dira kalejira igaro ahala kaleak garbitzen. Hartara, kalejira amaitutakoan kaleek betiko itxura izango dute.

JASANGARRITASUNA

Iaz bezala, hala Olentzeroren iritsierak nola Erregenetako Kabalgatak Erronka Garbia ekitaldi jasangarrien ziurtagiria edukiko dute.

Erronka Garbia Eusko Jaurlaritzak ematen duen ziurtagiria da, ingurumenean izan ditzakeen inpaktu negatiboak minimizatuz diseinatu, antolatu eta gauzatzen diren ekitaldiei ematen zaiena.

Horretarako, jarduteko neurri batzuk proposatu dira, ekitaldiak irauten duen bitartean monitorizatzea eta komunikazio eta sentsibilizazio egokia, betiere ahal denik eta gardentasunik handiena izateko eta herritarrak ingurumenaren arloko jardunbide onez jabearazteko.

Ildo horretatik, Bilboko Udaletik deia egin gura dugu herritarrek garraio publikoa eta euren eskura jartzen diren baliabideak erabil ditzaten, sortzen diren hondakinei behar bezalako tratamendua emateko eta birziklatzeko.