Bilbo - Bilboko Suhiltzaileek Basurtuko Unibertsitate Ospitalean ingresatuta dauden umeei bisita egin zieten atzo, urtero legez, ospitaleko egonaldia eramangarriagoa izan dakien helburuarekin.

Kamioi eta ibilgailu ofizialekin joan zen Bilboko suhiltzaile talde bat San Pelayo Pabilioian dagoen Pediatria sailera, Babes Zibil eta Larrialdietako zuzendari Andoni Oleagordia eta Suhiltzaileen Kirol eta Kultur Elkarteko presidente Santiago Iglesias laguntuta. Ospitaleko zuzendaritzak egin zien harrera.

Suhiltzaileen eskailera bat eraman zuten, eta leihotik sartu ziren Pediatriako eraikinera, larrialdia balitz bezala. Ondoren, euren gaixotasuna dela-eta gelatik irten ezinik dauden umeei egin zieten bisita. Umeek ekintzetako jakak eta kaskoak probatu zituzten eta argazkiak ere egin zituzten suhiltzaileekin. Hauek, berriz, oparitxo bana eman zieten, baita suhiltzaileen kasko txiki gorri bana eta prebentzioari buruzko koadernoak ere.

Ia ordu eta erdikoa izan zen bisita, eta ospitaleak (Bilbao-Basurtu ESI) antolatuak dituen ekitaldien barruan gauzatu zen, hain zuzen, umeei eta gazteei hango egonaldia atseginagoa egitearren. Bestalde, Bilboko suhiltzaileek pertsonarik ahulenei -adineko pertsonak eta gaixorik dauden adingabeak- bisitak egiteko ekimenaren barruan ere sartzen da bisita hau. - DEIA