BILBO. Bihartik aurrera, Zorrotzako muturrak garabia eta idal ibilgailuen biltegia hartuko du, 4 hilabeteko lanak amaitu ostean dena prest baitago.

Garabiaren eta ibilgailuen gordailuaren dependentzia berriak Zorrotzako muturrean daude, hiltegi zaharraren orubean. Lekualdaketa honen bidez, udalak bi helburu beteko ditu: batetik, ingurune honetan ibilgailuen zirkulazioa handitzea, zonari dinamismoa emateko. Bestetik, garabiak autoa kendu dien pertsonei aukera emango zaie garraiobide publikoan joan daitezen autoaren bila, trenez nahiz Bilbobusez. Hori lehen, Zorrotzaurren, ezinezkoa zen.

Instalazio hauek egokitzeko obrak, Obretako eta Hiri Plangintzako Sailak eginak, 4 hilabete iraun dute. Guztira 1.296.555,02 euroko inbertsioa egin da. Lan horiek Zorrotzako muturraren ingurunea hobetzeko plan azkarraren ekintzetako bati dagozkio. Plana Bilboko Udalean ordezkatuta dauden alderdi politiko guztien adostasunez aktibatu zen, eta helburua da zonaren segurtasuna hobetzea, ibilgailuen eta pertsonen zirkulazioa areagotuz.

ESPAZIO BERRIAK IBILGAILUEN GORDAILURAKO ETA GARABIRAKO

Instalazio berriek 18.069 metro karratu dituzte eta guztira 475 ibilgailu hartu ditzakete (5 x 3 metroko partzeletan): aurreko ibilgailu-gordailuan baino 25 plaza gehiago daude. Gainera, 8 garabirentzako espazioa dago (7 x 3 metroko partzelak), langileentzako 10 aparkatze plaza, bizikletak eta motozikletak gordetzeko esparru bat, 600 metro karratukoa, eta autoak garbitzeko leku bat. Zerbitzu horiek guztiak 2 plataformatan banatzen dira, metro bateko kota-diferentziarekin, eta 3 arrapalari konektatuak: 2 oinezkoentzat, bulegoen eraikinera ematen dutenak, eta 1 ibilgailuentzat.

Horrez gain, bi eraikin aurrefabrikatu ipini dira: bata bulego eta aldageletarako, eta bestea biltegirako eta erreminta-gelarako. Ur, saneamendu, elektrizitate, argiztapen publiko, segurtasun eta sarbide-kontroleko instalazio egokiak daude.