BILBO. Gaur, abenduak 5, irekiko ditu ateak Erripako Kaian kokatuta egongo den #BilbaoGabonak Gabonetako Azokak. Hilabete batez, urtarrilaren 5era arte, egongo da zabalik, eta hogei saltoki egongo dira bertan. Goizez 11:30etik 14:00etara, eta arratsaldez, 17:30etik 21:00etara egongo da zabalik.

Hain zuzen ere, hauexek izango dira Gabonetako Azoka Erripako kaian girotuko duten saltokiak: Zorrotzaurreko Bilbodulce gozotegia, Santutxuko Kiliken Paraguas, Uribarriko Koloreak jostailu-denda, Erriberako Merkatuko Panadería Rosi okindegia, Bilbo Zaharreko Bizkorna okindegia, Otxarkoagako La del 1 okindegia, Miribillako Tu bola de Navidad dekorazio-denda, Basurtuko Formarte (moda eta osagarriak), Bilbo erdigunekoThe Su Life (birziklatzeko produktu ekologikoak), Bilbo erdiguneko El Kubo de Bilbao (rubick kuboak), Bilbo Zaharreko Princess Courts- Xaboi Punpuila (ehun eta xaboi naturalak), Ametzolako Viento Norte (opari-artikuluak eta osagarriak), Santutxuko El Txoko del Cuero (larrukiak eta opari-artikuluak), Errekaldeko Magora Bakery, okindegi-gozotegia, El Gallo de Oro, La Gilda del Norte (liburuak) eta Kai Denda (arropa eta osagarriak).

Bigarren urtez jarraian, Gabonetako azoka bat izango dugu, Europako hiri nagusietan egiten den moduan. Ekimenaren xedea da Gabonetan Bilbora datozen bisitari eta turisten merkataritza-eskaintza ikusgai jartzea.

GABONETAKO ZIRKUITUA ITSASADARRAREN BI BAZTERRETAN

Magiaz eta ilusioz betetako giroarekin erosketak egiteaz gain, Gabonetako Azokaren alboan, Erripako kaian ere bai, Gabonetako espazio horretan bertan familia osoarentzako aisialdirako beste aukera batzuk daude, hala nola sei bideko txirrista handi bat eta 0 eta 12 urte arteko haurrentzako aisialdirako "Gabonetako ametsen faktoria" txokoa. Jarduerak azaroaren 28an hasi, eta urtarrilaren 5era arte egongo dira martxan, 16:30etik 20:30era eskola-egunetan eta 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era asteburuetan, jaiegunetan eta eskola-oporraldian.

Bestalde, Gabonetako Azokaren aurrean, Areatzako kaian, Gabonart izeneko Gabonetako Artisautza Azoka instalatuko da abenduaren 13tik urtarrilaren 5era. Arbasoko artisauen elkartea arduratzen da azokaren kudeaketaz.

Gabonartekin batera eta urtarrilaren 5era arte ere bai, bilbotarrek estatuko izotz ekologikoko pistarik handienaz gozatu ahal izango dute azaroaren 28tik urtarrilaren 5era. Oraingo honetan, pista handitu da eta 800 metro karratura iritsiko da. Instalazioaren erdia estalita egongo da, eguraldi txarrari aurre egiteko aurreikuspen gisa. Hauxe izango da izotz-pistaren eta txirristaren ordutegia: 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era, eta asteburu, jaiegun eta eskolarik gabeko egunetan ordutegia luzatuko da 16:00etatik 21:00etara.

#BILBAOGABONAK

#BilbaoGabonak izen generikoarekin, Bilboko Udalak Gabonetan egiteko jardueren programa zabal bat abiarazi du. Horrela, Bilboko Udalak #BilbaoGabonak proiektuari indarra eman nahi dio, hiribildua erakar-gune garrantzitsu bihurtzeko eta Gabonetan ere aisialdirako eta kulturarako erreferentzia izateko.

#BilbaoGabonak ekimenaren helburua jendea erakartzea da, bai bertakoak zein ingurukoak eta estatuko edo atzerriko turistak. Bestalde, merkataritza eta negozioak mugiarazi nahi dira, besteak beste. Horrela, adin guztietako jendeak Bilbon ilusio handiz bizi eta gozatu ahal izango du Gabonez.

Europako beste hiri garrantzitsu batzuen ereduari jarraikiz, Gabonetako proiektua sendotu du Bilbok hirian antolatuko diren 400 jarduera baino gehiagorekin. #BilbaoGabonak ekimenari esker, Bilboko Udaletxeko eta Arriaga Antzokiko zubien arteko pasealekua erdigune berria izango da, baina, betiere, jarduera beste auzo batzuetara zabaltzeko nahiarekin.