BILBO. Bihar bertan, hilak 21, hasiko da Bilboko Udalak trafiko abiadura kontrolatzeko abiarazitako kanpaina. Aste osoan zehar luzatuko da, hurrengo igandera arte iraungo baitu, urriak 27. Bilboko Udaltzaingoa izango da ibilgailuak behar bezala zirkulatzen dutela, Euskadiko Bide Segurtasunaren Plan Estrategikoaren barruan.

Honen xede nagusia gidarien kontzientziazioa da, arrisku handia izan ahal baita abiadura handian gidatzea. Iaz abiarazitako kanpaina berdintsuetan, 442 auto salatu zituen Udaltzaingoak, bertatik pasatu zirenen % 4,88-a bakarrik.

Modu horretan, Udaltzaingoak egunero batez beste lau kontrol egingo ditu kanpainaren zazpi egunetan zehar, hirian baimendutako abiadura zenbat ibilgailuk gainditzen duten ikusteko. Era berean, radarretan ezarritako muga gainditzen dutenak salatuko dituzte.

Kasu batzuetan, unean bertan emango diote arau-hausleari muga gainditzearen berri, kanpaina dibulgatzailea izateagatik eta gidariek erantzukizuna hartzearren; besteetan, aldiz, jakinarazpena etxean jasoko dute.

Bestalde, Bilboko Udaltzaingoko Segurtasun eta Laguntza Dibisioak jasotako datu guztiak taula batzuetan sartuko dira, estatistikak egite aldera, eta datuak horretarako aurrez ezarritako adierazle batzuetara egokituko dira.

2018AN EGINDAKO KANPAINEN DATUAK

Ibilgailuen abiadura kontrolatzeko bost kanpaina egin ziren iaz. Udaltzaingoak kontrolatutako 489.686 ibilgailuetatik 442 salatu zituen, hau da, guztien % 4,88. Kanpaina honetan ere kontrolak goizez eta arratsaldez jarriko dira Bilboko zirkulazio-sarean, euren kokapena dela-eta gidarien segurtasunaren ikuspegitik arriskutsuak gerta daitezkeen lekuetan.