BILBO. Atzo, hilak 17, hasi zen Kolonian, Alemanian, UNICEFek antolatutako Haurrekin Adiskidetsuak diren Hirien Nazioarteko Lehen Goi-Bilera. Bertan parte hartzen ari da Bilbo, mundu osoko beste 90-bat hirirekin batera. Gizarte Ekintzako zinegotzi Juan Ibarretxe da euskal ordezkaria.

Goi-bilera honen barruan, Bilboko Udalak bat egin du Haurrekin adiskidetsuak diren hirietako alkateen adierazpenarekin, Haurrekin adiskidetsuak munduko hainbat hirirekin batera. Adierazpen horren helburua argia da, gure hiriak leku hobeak izatea haurrentzat eta pertsona guztientzat, orokorrean.

Adierazpen honen bidez, konpromisoa hartzen da Haurrekin adiskidetsuak diren hirien ekimena abian jartzeko eta horrela, bermatu egingo da haur eta gazte guztiek euren ahala oso-osorik baliatzea, hirien eta komunitateen barruan euren eskubideak berdintasunezko baldintzatan betez eta helburu hauek lortu nahian:

  • Haur eta gazte guztiek bidezko tratua jasoko dute eta errespetatuak eta baloratuak izango dira euren komunitateetan eta tokiko agintarien aldetik;
  • Haur eta gazte guztiek ahotsa, premiak eta lehentasunak dituzte; horiek entzun eta kontuan hartzen dira eurei dagozkien legeetan, politiketan, aurrekontuetan eta erabaki publikoetan;
  • Haur eta gazte guztiek kalitateko oinarrizko zerbitzuak izango dituzte;
  • Haur eta gazte guztiak inguru seguru, babestu eta garbi batean biziko dira;
  • Haur eta gazte guztiek familia giroko bizimoduaz, jolasez eta aisiaz disfrutatzeko aukera izango dute;

Gainera, adierazpenean jasotzen da Haurren Eskubideen Hitzarmena eta Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH) batera doazela eta haurren eta nerabeen eskubideak ezin direla bete GJH arrakastaz ezarri barik eta alderantziz.

Haurrekin Adiskidetsuak diren Hirien Nazioarteko Lehen Goi-Bilera hau aukera ona da tokiko ordezkariak eta aitzindariak elkartzeko, eta hiri seguruago eta inklusiboagoen eraikuntzarako bide-orria diseinatzeko, neskato-mutikoengandik eta nerabeengandik eta horien premietatik hurbilago egoteko.

BILBO, HAURREN LAGUNA

2018ko azaroan Bilbok haurren laguna den hiriaren onespena jaso zuen UNICEFen eskutik; horretarako, 2015ean hasita, Bilboko haurren eta nerabeen bizimodua hobetzeko lan-prozesu bat gauzatua eta hainbat ekimen abian jarrita zituen.

Zigilu horrekin, UNICEFek herrietan eta hirietan umeen eta nerabeen alde egiten den lana onartu eta horren garrantzia azpimarratzen du.