BILBO. Funikularraren bidean gora igotzeko lasterketa lehenago ere antolatu izan zen, 2006an, hain zuzen, eta Udalak erabaki du aurten ere lasterketa hori antolatzea eta urteroko hitzordu bihurtzea, funikularra 1915eko urriaren 7an abian jarri zeneko urteurrena oroitzeagatik.

Aurten, lasterketa, urriaren 13an egingo da, igandean: Artxandako Funikularraren beheko geltokiko ataritik abiatuko da. Helmuga Artxandako funikularraren goiko geltokiaren kanpoaldeko plazan ezarri da. Lasterketa 11:05ean abiatuko da.

Lasterkariak zozketa bidez hautatuko dira izena eman eta baldintzak betetzen dituzten guztien artean (atletismoan, triatloian edo mendizaletasunean federatua izatea eta 18 urte beteta edukitzea). Lau kategoria izango ditu probak: Beteranoak, emakumezkoetan eta gizonezkoetan, eta absolutua, emakumezkoetan eta gizonezkoetan; gehienez ere 12 pertsona kategoriako, eta berrogeita zortzi parte hartzaile, guztira.

Proba egin bitartean, 11.05etik 11.30era, funikularrak ez du joan-etorririk egingo.

ARTXANDAKO FUNIKULARRA

Artxandako Funikularrak milioi bat erabiltzaile izango ditu 2019an, aurreikuspenen arabera, eta 2018an iritsitako errekorra ere gaindituko du, orduan 932.451 pertsonak erabili baitzuten, aurreko urtean baino % 12,39 gehiagok.

Funikularrak lanegun guztietan ematen du zerbitzua 07:15etik 22:00etara bitartean. Jaiegunetan, 8:15etik 22:00etara, eta udako hilabeteetan (ekaina, uztaila, abuztua eta iraila), zerbitzua 23:00etara arte luzatzen da, bariku, zapatu eta jaiegunen bezperetan. Maiztasuna 15 minutukoa da, arrazoi bereziak tarteko bidaiari asko batzen direnean izan ezik. Kasu horietan, maizago ibiltzen da geltokiak jendez hustu arte.

Hiru minutu baino gehixeago behar du funikularrak 770,34 metroko bidea egiteko; segundoko 5 metroko abiadura hartzen du (orduko 18 kilometro) eta 70 pertsonentzako lekua dago bagoietan. Gainera, zerbitzu berriak eskaintzen hasi da, esaterako, doako bisita gidatuak euskaraz zein gaztelaniaz.

Artxandako Funikularrak Bikaintasuna 2019 ziurtagiria lortu du; TripAdvisor webgunearen erabiltzaileen aldeko iritziei jarraituz ematen da aitorpen hori, eta 2016an, 2017an eta 2018an ere eman zitzaion. Web-orri hori, funtsean, bidaiari eta turistentzat da, eta erreferentzia da nazioartean, urtero 150 milioi iruzkin eta balorazio jasotzen baititu, mundu osoko lau milioi entitateri buruz emanak.