BILBO. Bizkaiko Arrantza Federazioak eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak arrantza-eskolaren ikastaro berri bat antolatu dute. Aurreko edizioak oso arrakastatsuak izan ziren, eta horregatik esperientzia errepikatu egingo dute. Oraingoa 16 urteko gazteei bideratuta egongo da eta azaroaren 17ra arteko igande guztietan egingo da, goizeko 11:30etik 13:30era, Erripako kaian. Ikastaroetan parte hartzen duten gazteek arrainak harrapatu eta ahal bezain laster askatuko dituzte berriro ere.

Parte-hartzaile guztiei aseguru bat egingo zaie, eta beharrezko baliabide teknikoak jarriko dira euren esku: arrantzan aritzeko ekipo osoak (kanaberak, txirrikak, berunak, amuak?), pisatzeko eta neurtzeko tresnak (metroak, baskulak, ontziak, balizatzeko zintak?), ikasteko materiala (dianak eta zehaztasun- eta jaurtiketa-materialak?), ordezko piezak eta abar. Jarduera doan izango da eta izena ez da aurretiaz eman beharko. Gainera, esparrua desgaitasun fisikoak dituzten pertsonen irisgarritasuna bermatzeko egokitu da.

Duela hamarkada bat arrantza-eskola abian jartzea erronka handia izan zen Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoarentzat eta Bizkaiko Arrantza Federazioarentzat. Hala ere, proiektuak hasieran espero zena baino askoz ere emaitza hobeak lortu ditu. 2018an zehar, guztira 1.010 ikaslek hartu zuten parte jardueran, eta beste 910 ikaslek kirol-arrantza praktikatu zuten Aste Nagusiko arrantza-eskolan. Harrapaketa-kopuru handiak, baita sailkatutako espezieen aniztasunak ere, hauxe islatzen dute: Bilboko itsasadarrak osasun ona daukala eta urak berreskuratzen ari direla.