BILBO. Rosa Ribas idazleak detektibe familia bitxi batek protagonizatutako "Un asunto demasiado familiar" eleberria aurkeztuko du Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean. Ekitaldia hurrengo ostegunean, hilak 12, gauzatuko da, "XXI. mendeko Emakume Idazleak" programaren barruan. Sarrera librea eta doakoa izango da aretoa bete arte eta streaming-aren bitartez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunean, arratsaldeko 19:30etik aurrera.

Kulturan espezializatuta dagoen Idoia Jauregi kazetariak aurkezten duen “XXI. mendeko Emakume Idazleak” zikloa iaz inauguratu zen, irakurleen aldetik ere harrera ona jaso duten literatura garaikideko emakume egileen lanean zentratzeko xedez. Orain arte Dolores Redondo, Eva García Sáenz de Urturi, María Oruña, Almudena Grandes, Alicia Giménez, Clara Usón, Elvira Lindo, Najat El Hachmi, Karmele Jaio eta María Sánchez idazleek hartu dute parte topaketetan.

“Un asunto demasiado familiar” eleberria Bartzelonan dago girotuta. Mateo Hernándezen detektibe agentziaren egoitza Sant Andreu auzo ezaguneko kale nagusietako batean dago. Mateorekin batera, Marc eta Amalia seme-alabek eta gai ilunenez arduratzen den Ayala laguntzaileak egiten dute lan. Horrez gain, batzuetan, modu berezian, Lolak, Mateoren emazteak, ere hartzen du parte. Kasuei buruz dituen intuizioak ustekabean zuzenak izan ohi dira. Duela hilabete gutxi arte Nora, bikotearen alaba nagusia, ere taldeko kide zen, baina une honetan inork ez daki non dagoen; minbizi isila balitz bezala, familiako, eta baita enpresako, bizikidetza jaten ari den ardura.

Egun batean Carlos Guzmán oso eraikitzaile indartsua, auzoan denek ezagutzen dutena eta, aldi berean, denen beldurra eragiten duena, joan da agentziako bulegora. Guzmánek, zenbait egun desagertuta daramatzan semea aurkitzeko agindu dio Mateori. Agian, semearen desagerketa aitaren negozio ilunekin egon daiteke erlazionatuta. Ikerketak pertsonaien arteko ezusteko loturak, iragan konpartituak eta klan bakoitzak dituen kontu sekretuak erakutsiko ditu? Eta, horrela, desagerpen batek beste batera eramango gaitu.

Estatu mailako noir estiloko saltzaile nagusietakoa, Rosa Ribasek (El Prat de Llobregat, Bartzelona, 1963) Filosofia Hispaniarra ikasi zuen Bartzelonako Unibertsitatean. El pintor de Flandes, La detective miope eta Miss Fifty eleberriak eta Cornelia Weber-Tejedor komisario hispaniar-alemana protagonista duen polizia seriea idatzi ditu. Siruelan, Sabine Hofmann-ekin batera, Don de lenguas eta El gran frío polizia eleberriak argitaratu ditu, hainbat hizkuntzatara arrakasta handiz itzulitako lanak.