BILBO. Bilboko Udaltzaingoak bederatzi motor berri erosi ditu. Bederatzi horietatik bi guztiz elektrikoak izango dira. Honda NC 750 X markako gasolinazko motorrak dira horietako zazpi, 400 kilometro inguruko autonomia daukatenak. Berritasuna da Zero Motorcycles Zero ZF14.0. markakoak direla beste biak, guztiz elektrikoak, 45 Kw-koak eta 300 kilometro inguruko autonomia daukatenak. Ostiraletik aurrera egongo dira kalean.

Udaltzaingoaren Trafikoko Unitateak erabiliko ditu bihartik aurrera, eta Aste Nagusian zehar ere bai, euren esku egongo baitira motor elektriko horiek eta zerbitzuan erabiliko dituzte, konbustioko gainerako guztien parean. Horri esker, zerbitzu aktiboan daukaten funtzionamendua baloratzea da asmoa, hau da, autonomia, bateria kargatzeko behar duten denbora, txanden erregimenera egokitzeko aukera? aurreikuspenak betetzen ote dituzten aztertzeko.

Horrela izanez gero, hurrengo hilabeteetan egindako probaren balorazioa positiboa baldin bada alegia, motorren parke osoa aldatuko da arian-arian, konbustioko motordunak aldatzeko.

Udaltzaingoaren armarria agertzen da udalaren polizia-motor berri horietan, gainerako udaltzaingoek dauzkatenekin bat datorrena, eta, harekin batera, Bilboren logoa eta 092 telefonoa agertzen dira.

Gaur egun, bere ikurra daramaten ia 130 ibilgailu errotulatuko flota dauka Bilboko Udaltzaingoak eta 1.250.000 kilometro inguru egiten ditu urtero, joan-etorrietan. Hain zuzen ere:

  • 30 motor
  • 75 patruila-ibilgailu
  • 8 lur orotako ibilgailu
  • 12 furgoneta
  • 1 kamaradun ibilgailu (*batiskafoa)