BILBO. Segurtasun-operatibo berezia izango da Aste Nagusian. Bilboko Udaltzaingoarentzat eta Ertzaintzarentzat segurtasuna eta prebentzioa dira oinarrizko lehentasunak. Milioi bat eta erdi pertsona igaroko dira Bilbotik etengabeko jaiak irauten duen 9 egunetan.

UDALTZAINGOAREN ETA ERTZAINTZAREN ARTEKO KOORDINAZIOA

Gaur goizean, honako hauek bildu dira, bihar (zapatua) hasiko den Aste Nagusirako azken xehetasunak erabakitzeko: Bilboko alkatea, Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuordea, Bilboko Udaleko Segurtasuneko zinegotzia eta Udaltzaingoko eta Ertzaintzako goi-karguak eta agintariak.

Polizia-gorputz bien arteko lankidetza-politikaren barruan egin da bilera hori, eta haren bidez lehentasunak ezarri dira eta azken xehetasunak erabaki dira Aste Nagusian segurtasun- eta delitu-arloan aplikatu beharreko koordinazioari eta prebentzioari.

Udaltzaingoko eta Ertzaintzako agenteak hiri osoan zabalduko dira, eta eguneko 24 orduetan egingo dituzte zaintza-lanak; bereziki, jende gehien biltzen den lekuetan.

Hala, ohiko patruilak indartu egingo dira Bilboko hainbat lekutan, hala nola Areatzan, Plaza Biribilean, Zazpikaleetan, Erkoreka plazan, Campo Volantinen eta inguruetan, Etxebarria parkeko barraketan, Abandoibarra eta Europa parkeko kontzertu-guneetan, Casilda Iturrizar parkean, zezen-plazan, Indautxun, Moyua plazan?

Dispositibo horren barruan, plangintza koordinatu bat egingo da polizia-indarrak zabaltzeko, eta etengabe hartuko dira erabakiak brieffing bateratuen bidez eta eguneroko bileretan; aurreko egunaren ebaluazioa egingo da bilera horietan, eta egunaren plangintza egingo da; gainera, errefortzuak erabakiko dira Agintaritza eta Kontrol Zentroan. Inteligentzia-unitateetako taldeen arteko harreman etengabea ere izaten da, une guztietan operatiboak Aste Nagusiak aurrera egin ahala egon daitezkeen beharrizanetara egokitzeko.

Gainera, komisaldegi guztietako ikuskaritza guztiek ?esaterako, auzoko polizia? hiria patruilatuko dute gerta daitezkeen delituak (batez ere, ebasketak, gehienbat diru-zorro eta mugikorrenak) prebenitzeko eta jazartzeko, eta behar denean berehala jardungo da eta erantzuna emango zaie egiten diren eskaerei.

ERASO SEXISTEN ETA SEXU-ERASOEN PREBENTZIOA

Operatibo honek garrantzi berezia emango die eraso sexisten eta sexu-erasoen aurkako prebentzioari eta jarduketari. Ildo horretan, kaleko jantzian doazen eta jai-esparruetan aurrea hartzeko eta berehala jarduteko lanak egiten dituzten agenteen kopurua areagotuko da, bideozaintza eta erakunde arteko protokolo guztiak ezarriz. Gainera, jaigunetik kanpo indartuko da zaintza, erasorik gehienak etxera itzultzean gertatzen direlako. Aurten, udaltzaingoa 100 agente berriekin indartu da.

Emakumeek babes handiagoa izateko eta herritarrak orokorrean seguruago sentitu daitezen, “AgreStop/EraStop” doako aplikazioa jaistea gomendatzen da, segurtasuna emateko eta erasoak saihesteko.

Aplikazioak aukera ematen du Bilboko Udaltzaingoaren koordinazio-zentroari erasoaren berri berehala emateko, deirik egin behar izan barik eta automatikoki martxan jartzen du telefono mugikorrak adierazten duen lekura joateko polizia-jarduketa, dela eraso bat jasaten ari delako dela bortizkeria ekintzaren baten lekuko izaten ari delako. Orain arte, 15.000 pertsonak baino gehiagok deskargatu dute aplikazio hau Bilbon.

Dena dela, azpimarratu behar da gizarte guztiak izan behar duela eragile aktiboa eskubideen urraketa larri hori saihesteko, jarrera matxistekiko tolerantziarik eza indartuz eta gogoratuz komenigarria dela egitateak salatzea, edozein arrisku igartzean, 112 edo 092 telefono-zenbakietara deituz. Denon erantzukizuna da. “NO SIGNIFICA NO/EZ BETI DA EZ. EL SILENCIO NO ES UN SÍ”/ “BAIEZKOAN BAI, BESTELA EZ”.

BIDE-SEGURTASUNA, ALKOHOL- ETA DROGA-KONTROLAK SENDOTZEA

Udaltzaingoarentzat eta Ertzaintzarentzat pertsonen babesa ere bada lehentasuna duen gai bat. Beraz, pertsonen osotasun fisikoa arriskuan jar dezaketen egoerak saihestuko dira; horretarako, besteak beste, bideko segurtasun-neurriak hartuko dira. Horretarako, Trafikoaren Ikuskaritza Nagusiak, ohiko lanez gainera, jai-programan antolatutako probak eta ekitaldiak egiteko behar diren mugarritzeak eta trafiko-etenaldiak egingo ditu; esaterako, su artifizialetan zirkulazioa etetea eta desbideratzea, Bilbobusen ibilbidea aldatzearen eta kirol-probak burutzearen ondorioz etetea eta desbideratzea, Areatzako, Erriberako eta Plaza Biribileko ingurunea trafikorako mugatzea, alkohol- eta droga-kontrolak egitea, etab. Gainera, trafiko-istripuetan arreta eta estaldura emango dituzte, gertatuz gero.

Gidarien alkoholemiako eta substantzia estupefazienteen kontsumoko prebentziozko kontrolei dagokienez, Udaltzaingoak hiriko 18 puntutan 30 kontrol baino gehiago egitea planifikatu du, eta Ertzaintzak, aldiz, hirian sartzeko zenbait puntutan egingo ditu, jaietan kontsumoa areagotu ohi da eta. Kontrol horiek kontzientziazio-kanpaina berri baten barruan egingo dira, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, Euskadiko Bide Segurtasun eta Mugikortasun Seguruko Plan Estrategikoaren barruan.

Mota guztietako bideetan areagotuko da zaintza, batez ere zirkulaziorik handiena daukaten bideetan ?hiri barruko eta hiriarteko bideak?, faktore arriskutsuenetako bat prebenitzeko; izan ere, trafiko-istripuz izaten diren hildakoen % 30 eragiten duelako.

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak 1.573 alkohol-proba egin dituzte, horietatik 532k positibo eman dute, eta drogen 144 proba, horietako 32 positiboak.

ELIKAGAIEN SEGURTASUNA

Bilboko Udalak azpimarratu nahi du ez dela kaleko postuetan kontsumitu behar, arriskutsua izan daitekeelako osasunerako osasun-kontrolik izan ez duten elikagai galkorrak kontsumitzea.

Hori dela eta, aurreko urteetan bezala, kalean egiten den legez kanpoko salmenta kontrolatzera ere bideratuko da agenteen lana. Beraz, poliziak, nagusiki, hauek aurka joko du: behar den udal-baimena ez dutenak ?osasun-kontroletatik kanpoko elikagai galkor mota guztiak dituztenak barne? edo eremu publikoa okupatuz ebakuazio-bideak eta herritarren segurtasuna oztopatzen dituztenak. Halakoak detektatzen direnean, konfiskazioa egin eta merkatutik aterako dira.

Iaz, Bilboko Udaltzaingoak inongo kontrol sanitariorik gabe saltzen ari ziren 152 kilo janari konfiskatu zituen.

OSTALARITZAKO ORDUTEGIA HANDITZEA

Abuztuaren 17tik 25era bitartean, Aste Nagusia dela-eta, Bilboko Udalak bi ordu luzatuko du ostalaritzako lokalak ixteko ordutegia, Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak eskatuta.

Luzapen hori ostalaritzako lokal guztiei aplikatuko zaie, “eguneko lokalei”, “osagarriei” eta terrazei izan ezik, hauek bestelako ordutegia dute-eta. Establezimenduen kanpoaldean edariak hartzeko ordutegia ere ez da luzatuko.

JAIETAN “GALDUTAKO ETA AURKITUTAKO OBJEKTUEN” ZERBITZUA

Iaz bezala, Aste Nagusian “Galdutako eta aurkitutako objektuen” zerbitzu berezi bat jarriko martxan Udalaren Ikuskaritzan, Udaltzaingoaren instalazioetan, horrela berehala itzuli ahal izan dakizkien jabeei jaietan galtzen diren objektuei (diru-zorroak, giltzak edo mugikorrak, batez ere).

Zerbitzu hori eguneko 24 orduetan egongo da zabalik Aste Nagusi osoan (telefonoa: 94 420 49 81), eta 4 pertsona arduratuko dira une guztietan zerbitzua emateaz. Herritarrei balio eta kalitate handiagoko zerbitzua emateko eta arinago eta irisgarriago egiteko ahalegin nabarmena da.

Galdutako objektuak ?funtsean, dokumentazio pertsonala? berreskuratzeko eta emateko behar den denbora murriztu nahi da zerbitzu honen bitartez. Horrela, dozenaka pertsonari dokumentazio guztia berritu behar gogaikarria saihestuko da. Horrela, galdutako objektuak arinago emango dira, objekturen bat galdu dutela konturatzen direnak Udaletxean dagoen polizia-etxera joan ahal izango dira galera hori jasota uzteko, eta horrela, galdutakoa aurkituz gero, laburtu egingo dira itzultzeko epeak.

Galdutako objektuaren arabera, dagokion informazioa eskatuko zaio interesdunari; mugikorretarako, ezinbestekoa izango da IMEI ematea.

Herritarren lankidetza eskatzen da galdutako objektuak aurkitu bezain laster bulego horretara eramateko, itzulketen arrakasta objektuak aurkitzeko azkartasunaren eta jabeekiko berehalako kontaktuaren araberakoa delako.

NORA JOAN SALAKETAK JARTZERA

Aste Nagusian laguntza behar duen edozein pertsona bi polizia-kidegoetako edozeinetara joan ahal izango da.

Gainera, salaketa ipintzeko ilarak saiheste aldera, Udaltzaingoak salaketa erraztuko sistema azkar bat ezarriko du delitu txikietarako, batik bat ebasketetarako. Arreta-puntuetan ez da salaketarik jasoko. Herritarrari arreta emango zaio eta, behar izanez gero, dagokion zerbitzura bideratuko da.

1.Salaketak jasotzea Udaltzaingoan

Miribillako Ikuskaritza Nagusiko polizia-etxean eta Udala ikuskaritzako polizia-etxean ?Bilboko udaletxearen alboan dagoen horretan?.

2.Salaketak jasotzea Ertzaintzan

Deustuko, Txurdinagako, Maria Diaz Harokoa kaleko eta Zabalburu plazako ertzain-etxeetan.

3.Arreta-puntuak:

Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren ikuskaritzako polizia-etxe guztietan, baita Etxebarria parkean ere (barraken ordutegian).

Berariazko arreta-puntu horiez gain, ertzain eta udaltzain bakoitzak erantzungo die herritarren eskaerei.

SEGURTASUNAREKIN LOTUTAKO GOMENDIOAK

Aste Nagusiaren edizio hau guztiontzako topagune eta ospatzeko toki izan dadin, Bilboko Udalak honako gomendio hauek egin nahi ditu:

  • Jaiez gozatzea, baina ahaztu barik izango dela inoren kontura “aberasten” saiatuko denik.
  • Diru-zorroa eta telefono mugikorra agerian ez eramatea, txamarraren barruko edo prakako aurreko poltsikoan gordetzea eta poltsak eta motxilak beti ondo kontrolatuta izatea (hobe gorputzari erantsita eramatea heldulekutik zintzilik edo bizkarrean eramatea baino). Arreta berezia izan behar da jende asko dagoen ekitaldietan, esate baterako, su artifizialetan, zezenketetan, jai-esparruko emanaldietan?
  • Udaltzaingoak eta Ertzaintzak esandakoari kasu egitea, eta agenteengana joatea edozein larrialdi gertatuz gero. Era berean, programazioari edo beste edozein konturi buruzko informazioa eska daiteke, baita laguntza ere, hirian boluntarioak dauden informazio-puntuetan.
  • Baimenik ez duten pertsona edo establezimenduek zerbitzatutako elikagairik ez kontsumitzea, gogoan izanik produktu horiek ez dutela inolako osasun-kontrolik igaro, eta beraz, kontsumitzaileen osasunari kalte egin diezaioketela.
  • Era berean, garrantzitsua da aipatzea alkohola era arduratsuan kontsumitu behar dela, baita alkohola edan ostean edozein ibilgailu motordun gidatzeak ekartzen dituen arriskuak azpimarratzea ere.
  • Kontuan izatea hirian bizitzak aurrera jarraitzen duela, nahiz eta jaiak izan, eta badaudela lanera joan behar duten, gaixorik dauden edo adinekoak diren pertsonak. Jaietan ahalik eta zarata txikiena izan dadin lagundu behar da.
  • Kutxazainetatik dirua ateratzeko, komenigarria da beste norbaitekin joatea eta, ahal dela, barruko kutxazainak izatea.
  • Txiza egin nahi izanez gero, horretarako prestatutako lekuak erabiltzea. Jaietarako jarri diren pixatokiak eta zerbitzu publikoak erabiltzea. Ez urruntzea leku bakartietara.
  • Deliturik ikusiz gero, jakinaraztea.
  • Lapurreta edo ebasketa baten biktima izanez gero, jakinaraztea eta ahalik eta lasterren ematea baja kreditu-txartelei eta telefono mugikorrari.
  • Ez salto egin itsasadarrera, urarekiko inpaktuak lesio larriak eragin ditzake-eta. Horrez gain, talka egin dezakegu eraikuntzako elementu zaharren aztarnekin, urak ekar ditzakeen enborrekin, egurrekin eta abarrekin edo itsasadarrean jarduerak egiten dauden pertsonekin (kanoak, txalupak?).
  • Larrialdietarako telefono-zenbakiak beti eskura izatea, edozein premiatarako:Udaltzaingoa: 092SOS Deiak 112Udal-informazioa: 010

BABES ZIBILA

Jai-esparruan postu mediko aurreratu bat egongo da osasun-larrialdiei arreta emateko. Zentro hori Abandoko geltokiaren beheko aldean egongo da, Hurtado de Amézaga kalera irteteko tunelean. Hiru anbulantzia izango ditu ?haietako batek erizaintza-zerbitzua izango du?, eta osasun-teknikariak eta medikuak egongo dira jende gehien dabilen orduetan.

Oinarrizko laguntza-estaldura ematea edo larrialdietan osasun-zentro batera eramatea errazteko, Bilboko Udalak Europa parkeko eta Abandoibarrako kontzertu-guneetara ere bidaliko ditu anbulantziak eta osasun-langileak. Eta sorospen-postu bat eta oinarrizko bizi-euskarria daukan anbulantzia bat ere egongo dira Etxebarria parkean, barraketako ordutegia hasten denean.

Su artifizialak daudenean ere emango da osasun-estaldura, hiru anbulantziaren bidez: oinarrizko bizi-euskarriko bat, Etxebarria parkeko tximiniaren ondoan; oinarrizko bizi-euskarriko beste bat, Ernesto Erkoreka plazan; eta, azkenik, erizaintza duen bizi-euskarriko bat, Abandoko geltokiko etxabeetan.

Bestalde, Bilboko Udaleko ur-erreskateko ontzia eguneko 24 orduetan eta Aste Nagusiko egun guztietan ariko da lanean, Deustuko zubiaren azpiko pantalanetik ?Deustuko suhiltzaile-etxean?, itsasadarraren aldean segurtasuna bermatze aldera.

Era berean, Abandoibarran kontzertuak diren bitartean, urpekari-taldea inguruetan ibiliko da.

Itsasadarrean larrialdiko zerbitzu-kanala egongo da, eskuinaldean, 15 metro zabal dena, eta ontziek ezingo dute erabili. Balizatuta egongo da eta ebakuatzeko eta larrialdietarako baino ez da erabiliko. Itsasadarraren kontrola 20:00etatik 01:00etara egingo da, Gurutze Gorriaren, Guardia Zibilaren eta Bilboko suhiltzaileen ontzien bidez.

SU ARTIFIZIALAK

Su artifizialak dira Aste Nagusiko ikuskizun jendetsuena. Ikuskizun hori (22:30etan izaten da), ekitaldi masiboa denez, Udaleko arlo eta zerbitzu guztiek aurre egin behar dieten erronka nagusietako bat da, batez ere zirkulazioari eta segurtasunari dagokienez.

Berrikuntza modura, su artifizialak hastera doazela ohartarazteko, 22:15ean 10 segundoko argi- eta kolore-gainezkaldia ikusi ahal izango da zeruan (argi- eta kolore-gainezkaldi honek Euskaltelen kartelaren isiotzea ordezkatuko du).

Suak ikusteko lekurik onena itsasadarraren ezkerraldea da, Nafarroa kaletik Uribitarteko pasealekurainoko tartea. Gainera, ikusgaitasun onargarria duten tokiak ere badira; adibidez, Areatzako zenbait gune, Ernesto Erkoreka plaza, Campo Volantin pasealekua, Etxebarria parkea eta Uribitarte pasealekua ?Zubizuritik Guggenheimeraino?.Alde horietan ez dira ondo ikusten lurreko eta altuera txikia hartzen duten suak.

Ez dira gomendagarriak Areatzako zubia, Udaletxeko zubia eta Zubizuri; espazio horietan kontu handiz ibili beharko genuke haur txikiekin edo mugikortasun urriko arazoak dituzten pertsonekin, ikusle ugari biltzen dira eta. Kasu horietan, zubietara ez joatea gomendatzen da, biltzen den jende andanak mugitzeko aukerak murrizten dituelako.

Bilboko Udaleko Babes Zibileko Zuzendaritzak egindako Autobabes Planak 140 metroko erradioa duen segurtasun-eremua ezartzen du, Mallonako zelaietatik ?non jaurtiketa-gunea dagoen? Itxaropen kaleraino. Hori dela eta, suak jaurtitzen diren bitartean (22:15etik 23:15era) debekatuta egongo da bai ibilgailuak bai oinezkoak Zingira kalearen eta Estufa zeharkalearen artean dagoen Itxaropen kaleko tartetik igarotzea. Tarte horretan, gomendatzen da ikuskizun piroteknikoa bukatu arte etxebizitzetako leihoak eta balkoiak ixtea.

Gas plazaren eta Etxebarria parkearen arteko bidea une oro zabalik egongo da. Eskailera-tarte jakin bat baino ez da itxiko 22:00etatik 23:30era, baina bidea une oro zabalik egongo da igotzeko zein jaisteko.

SU ARTIFIZIALAK BERTAN BEHERA UZTEA

Aurreko urteetan bezala, haizearen abiadura eta norabidea neurtuko dira suak muntatu bitartean eta jaurtitzen hasi baino lehen. Lur-arrasean neurtuko dituzte, anemometro batez, Bilboko Udaleko Babes Zibileko langileek.

Hirugarren urtez jarraian, 989/2015 Errege Dekretua (pirotekniako eta kartutxogintzako artikuluen araudia) aplikatuko da; haren arabera, haizearen abiadura orduko 36 kilometro baino handiagoa denean, suak bertan behera utzi behar dira. Hori gertatzeko probabilitate txikia dagoenez, antolaketa berezi bat xedatu da eta prest egongo da herritarrei ohartarazi behar bazaie ikuskizun piroteknikoa bertan behera geratuko dela.

Hortaz, suak bertan behera gera daitezke bi kasutan:

Abisua dagoenean eguraldi txarragatik.

Abisurik ez egonda ere, suak hasteko unean haizearen abiadura orduko 36 kilometro baino handiagoa denean.

Herritarrei hain aurrerapen txikiaz ohartarazi ahal izateko, talde berezi bat antolatu da, Bilboko Udaleko Babes Zibileko, Jaietako eta Komunikazioko langileek osatua. Gainera, honako hauen laguntza izango du: Bilboko Konpartsak, Areatzako gunerako; Gogorregi, Pio Baroja eta Uribitarte gunerako; Plaza Biribileko eta Berastegiko txosnak; azokariak eta zirkua, Etxebarria parkeko gunerako; baita MetroBilbao, Bilbobus, Bizkaibus, funikularra, Euskotren, Euskotran eta Renfe ere.

Suak bertan behera gelditu direla abisatu behar izanez gero, ikuskizuna hasteko orduan honela abisatuko litzateke:

  • Suak bertan behera geratu direnez, 22:15ean ez da isiotuko 10 segundoko argi- eta kolore-gainezkaldia, su artifizialak hastera doazela ohartarazteko egiten dena, eta lehenengo txupinazoa ere ez da jaurtiko.
  • Jaurtiketa-gunean dauden foku batzuetatik proiektatuko diren "argi-sortak" ikusiko dira zerua.
  • Kaleetako argiak ez dira amatatuko.
  • Jai-esparruetan, megafonien bidez, suak bertan behera geratuko direlako abisu hau entzungo da:“ENTZUN, MESEDEZ. Bilboko Udalak jakinarazten du gaur gaueko su artifizialen ikuskizuna bertan behera geratuko dela, haizeak jaurtiketa-eremuan duen indarra dela eta. Barkatu eragozpenak”.
  • MetroBilbao, Euskotren, Euskotran, Bilbobus, Funikularra, Bizkaibus eta Renfe garraioetako megafoniatik eta informazio-panelen bidez ere abisatuko litzateke.
  • Sare sozialen bitartez.

GOMENDIOAK SU ARTIFIZIALEK IRAUN BITARTEAN

Ikuskizuna topagune eta ospatzeko toki segurua izan dadin, Bilboko Udaleko Babes Zibilak gomendatzen du su artifizialak erre bitartean kontuz ibiltzea eta segurtasun-neurri guztiei eustea:

  • Mugarritutako segurtasun-eremuan ez sartzea.
  • Jendea pilatzen den eremuetako bat ebakuatu behar bada, herritarrei gomendatzen zaie ihes egiteko biderik hurbilena non dagoen jakitea.
  • Kontu handiz ibiltzea haur txikiekin edo mugikortasun-arazoak dituzten pertsonekin bagoaz ikusle ugari biltzen diren eremuetan, hala nola zubietan.
  • Lurrean lehergaiak aurkituz gero, ez hartzea eta berehala Udaltzaingoari ohartaraztea.
  • Animaliarik ez eramatea su artifizialak ikustera.
  • Suen ostean gaueko kontzertuetarainoko lekualdaketa patxadaz hartzea, denbora nahikoa dago eta.
  • Udaltzaingoak esandakoari kasu egitea, eta agenteengana joatea edozein larrialdi gertatuz gero.