BILBAO. Bilboko Udalak 20 urte daramatza biztanleriaren partaidetza bilatzen haiek sustatutako politika eta programetan, eta euren xedeetako bat eskaintza inklusibo bat garatzea da.

Urtean baino urtean hobeto lan egiteko ahaleginak esan nahi du dibertsitate funtzionala duten pertsonek parte hartu ahal izan dezatela Bilboko Aste Nagusian programatutako jardueretan. Era horretan bermatzen da jaiak guzti-guztientzat izatea.

“GOZATU ITZAZU ZEUK ERE!” goiburupean, Udalak jai inklusibo batzuen aldeko apustua egin du, hainbat neurri abian jarriz.

Bilboko Udalak zeinu-hizkuntzako interprete bat jarriko du Aste Nagusiko zenbait ekitalditan: Arriaga antzokiko agurrean eta pregoian; Txikiguneko haur-artzerkian, abuztuaren 19an, 20an, 21ean, 24an eta 25ean; eta Arriaga plazako kaleko antzerkian, abuztuaren 19ko, 20ko eta 22ko eguerdiko saioetan.

Bilboko leku estrategikoetan, jaietako egitaraua braillez eskainiko da. Leku hauetan eskuratu ahal izango da: Bilbao Turismoren bulegoetan (Plaza Biribila, 1, behea, eta Guggenheim ondoko etxola); ONCEren egoitzan (Perez Galdos, 11); Aireportuko informazio-puntuan; La Bolsa eraikineko udaltegian; Txikiguneko informazio-puntuan; eta Abandoko Udaltegian (Elcano kalea, 20).

Jaietako egitaraua eta aplikazioa Irakurketa Errazera egokitu da, errazago uler dadin. Aplikazioaren nobedadea da aurten. Hizkera argi eta zehatza eta testuarekin batera irudiak erabiltzen dira. Irakurketa Errazak adinagatik, prestakuntzagatik, hizkuntza ondo ez jakiteagatik edo beharrizan zehatzengatik ulertzeko arazoak dituztenek ere ulertzea ahalbidetzen du. Egitaraua “Bilbao Aste Nagusia” aplikazioan formatu digitalean eskura izango da.

Txikigunean eskala txikiko Marijaiaren erreprodukzio bat izango da ikusmen urria duten pertsonentzat. Gargantua mugikortasun urria duten umeentzat egokituta egongo da. Bestalde, Txikigunean egiten diren jarduera guztiak pertsona guztien parte-hartzea bermatzeko diseinatu dira eta horretarako, monitore espezializatuak izango dira.

Bilboko Udalak jai-eremu gehienak egokituko ditu dibertsitate funtzionala duten pertsonak iristeko modua izan dezaten. Gainera, leku batzuk erreserbatuko dira Abandoibarrako kontzertuetan (agertokiaren albo batean), Gizakunde elizan (kontzertua hasi baino ordubete lehenago arte) eta Europa parkean dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat.

Komun egokituak izango dira jaigunean.