BILBO. Bilboko merkataritza sustatzen duen HemenGO SHOPPING ibilbideak abian jarriko dira berriro bihartik aurrera. BilbaoDendak sustatutako proiektua da, Eusko Jaurlaritzak babestutakoa, eta Bilboko denda esanguratsuenetatik ibilbide gidatua egiten du, bertako bitxikeriak eta anekdotak kontatuz.

Abuztuko ostegun guztietan -abuztuak 15 jai eguna izan ezik- 18:00etatik aurrera, Bilboren kuriositate eta historiatik bidaiatu nahi duen orok bi ibilbide ditu aukeratzeko. Horietako batek Santiagoko Katedrala du abiapuntu bezala eta Alde Zaharra eta honen inguruetatik ibiliko da. Besteak, aldiz, Moyua plazatik irtengo da eta Zabalgunetik ibiliko da. Bisitan parte hartzeko ez da inskripziorik eskatzen, elkargunean adierazitako egun eta orduan egotearekin nahikoa da.

Udako Hemengo Shopping ibilbideen bigarren edizioa da hau. Pasa den udako edizioak publikoaren artean arrakasta handia izan bazuen ere, uztail honetan aurreikuspenak erabat gainditu dira. Izan ere, 3 egunetan 200 pertsona inguruk Bilboko arimadun denden historia ezagutu dute. ‘Publikoak izan duen erantzunarekin pozik eta harrituta gaude. Egia esan, abiapuntu bakoitzean gida berri bat gehitu behar izan dugu taldeak eramateko zailtasunak zeudelako? ia 30 pertsona ibilbide bakoitzean. Beraz, azkenean, bi ibilbide antolatu dira zona bakoitzean, egunean guztira 4, talde txikiagoekin bisita hobeto jarrai dezaten eta merkatari zein publikoarentzako erosoagoa izan dadin’, adierazi dute bilbaoDendak elkartetik.

Aintzinean saguzar larrua zein janzkian erabiltzen zen?

Parte hartzeko arrazoiak badaude, izan ere, publikoak Bilbo beste ikuspuntu batetik ezagutzeko aukera du: toki, xehetasun eta produktu originalak, bertoko establezimendu askoren bitxikeri, sekretu eta berezitasunekin batera. Adibidez, “txakinartoa” zer den jakin, munduko saltsarik pikanteena non aurkitu, non ipini dizkieten markoa ehun Picasso baino gehiagoi, edo zenbat almendra tona ehotu behar diren gabonetako turroi-denden eskaera hornitzeko.

Parte hartzaileek ere ‘bizikleten antzinako kioskoaren’ lekua zein saltokik hartu duen, aintzinean saguzar larrua zein janzkian erabiltzen zen, zenbat ordu behar diren neurrira egindako jaka prestatzeko, ‘kontzientziaren txokoa’ zein saltokian dagoen, duela 100 urte Bilbon labanak nola zorrozten ziren, edo bonboi batean zenbat kolore eta zapore aurki daitezkeen bezalako istorioak ezagutzen dituzte.

Hemengo Shopping ibilbideek bertoko merkataritzaren garrantzia nabarmentzea bilatzen dute, aldi berean, aisialdi alternatiba originala eskainiz bai hiritarrentzat bai udan Bilbo bisitatzen dutenentzat. Beti ezkutuan geratzen den hura ikusteko aukera eskaintzen dute, hiriko saltoki berezienen atzean geratzen dena, barrutiko historiaren inguruan gida turistikoetan normalean aurkitzen ez diren sekretu eta anekdotez gainera.