BILBO. “Erraldoien bildumagilea” izeneko erakusketa Zazpi Kaleetako geltokian izango da ikusgai irailaren 15era arte. Argazkiak Xavier Duarte artista katalanaren dira.

IZANGO DA ZER IKUSIA

Bilboko Metroan argazki-erakusketa bat antolatuko da, Zazpi Kaleetako geltokian. Museoan bertan, ohiko erakusketaz gainera, Xavier Duarte artista katalanaren argazkiak erakutsiko dira galeria batean, “Erraldoien bildumagilea” izenburupean. Aurten, gainera, poltsiko-formatuko argitalpen zabalgarri bat kaleratuko dugu, eta bertan bilduko dugu gaur egungo Bilboko Udalak dauzkan Erraldoi eta Buruhandien katalogoa. Erakusketan, zeina 2019ko irailaren 15era arte egingo baita, Bilboko Erraldoien bi belaunaldietako Erraldoiak eta Buruhandiak bildu ditugu.

Euskal Museoak, 2019ko irailaren 15era arte, “Bilboko Erraldoiak eta Buruhandiak” izeneko erakusketa arrakastatsua antolatuko du, urtero legez. Aurten, erakusketa inoiz baino beteago dator, izan ere, hainbat berrikuntza txertatu dira.

Aurtengo udan, Museoko klaustroan eta aldi baterako erakusketei dagokion aretoan erakutsiko dira Bilboko Udalak dauzkan erraldoi eta buruhandien bi belaunaldiak; guztira, hogeita lau erraldoi eta hamar txiki dira.

Gainera, Museoko lehen solairuko galerian, Xavier Duarteren argazki erakusketa egongo da ikusgai: “Erraldoien bildumagilea”. Artista katalanaren irudiei esker, bisitariek bertatik bertara ezagutuko dute erraldoien barnealdea.

Horrez gainera, Bilboko Metroko Zazpikaleak/Casco Viejo geltokian ere hainbat irudi erakutsiko dira, Euskal Museoko erakusketaren lagin gisara. Hain justu ere, geltoki horretatik oso hurbil dago Museoa.

Ezinbestekoa da figura handi-handi horien historia xehe ezagutzea; horregatik, Museoak eta Bilboko Udalak poltsiko-formatuko argitalpen zabalgarri bat kaleratuko dute elkarlanean, Bilbok gaur egun dauzkan Erraldoi eta Buruhandi guztien katalogoarekin. (Prezioa: 1€)

Museoak udako hilabeteetan publiko guztientzako martxan jarriko duen lehiaketaz gozatzeko aukera izango da, eta uztailean lehen aldiz, doako bisitak egongo dira erakundeak laister ezagutzera emango dituen datetan.

Azkenik, 2019ko edizio honekin batera, bada beste berrikuntza bat ere: uztailaren 10ean, “Erraldoiak” izeneko liburua aurkeztuko da Museoan. Haurrentzako liburua, Euskal Museoan dauden Bilboko Erraldoiak “hezur eta haragitara” ekartzen dituena. Begoña Elorrietak idatzi ditu testuak, eta ilustrazioak, berriz, Alex Orbek egin ditu. Hiru eletan dago: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.

Aurreko ediziotan egin bezala, Aste Nagusiak iraun bitartean, erakusketan biltzen diren Erraldoiak eta Buruhandiak ?1988ko belaunaldikoak? egunero aterako dira Klaustrotik, eta, ohi bezala, kalejira egingo dute, Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko dantzariek eta musikariek lagunduta.

2018an, 50.000 lagun inguru etorri ziren Euskal Museora, “Bilboko Erraldoiak” erakusketa ikustera. Abuztuan bertan, 30.000 lagunetik gora etorri ziren Klaustrora, Bilboko pertsonaia famatu horiek ezagutzera.

EGUTEGIA

Uztailak 10: “Erraldoiak” haurrentzako liburua aurkeztuko da Museoko Klaustroan. 10:30ean.

Uztailak 11 eta 18: “Erraldoiekin Dantzan” tailerra eskainiko du Erraldoien Ondalan Konpartsak, Museoko Klaustroan. 11:30etik 13:30era.

Bilboko Erraldoiek 4 metrotik gora neurtzen dute, eta hantxe ikusiko dituzue denak ?besteak beste, Ingelesa, Emakume bilbotarra, Pitxitxi eta Lina?, Museoko Klaustroan, Mikeldi zaintzen. Guztira, 24 Erraldoi ?aurreko urteetan baino askoz gehiago? eta 10 Buruhandi bildu ditugu erakusketa honetan, zeinak gero eta jende gehiago erakartzen baitu urtetik urtera. Aukera bikaina dugu, bai gazteek eta bai zaharrek Bilboko Erraldoi klasikoez gozatu dezaten.

BILBOKO ERRALDOIEN ETA BURUHANDIEN 2019KO ERAKUSKETAKO BERRIKUNTZAK

ERAKUSKETA: ERRALDOIEN BILDUMAGILEA

Noiz: 2019/07/01 ? 2019/09/15

Non: Euskal Museoa - Museo Vasco (1. solairuko galeria)

Argazki-erakusketa: Xavier Duarte

Bidaia bat irudimenaren eta fantasiaren erraietara. Eraldaketa, begirada berri bat. Sormenaren grina, eskuekin egindako lanaren eta poliki egositako jardunaren mira. Hona hemen mitoak eta kondairak. Hona hemen legendetako pertsonaiak. Hona hemen erraldoiak eta buruhandiak, iseka eta antzerkia. Hona hemen maskarak eta txotxongiloak. Hona hemen komedia eta tragedia, irriak eta negarrak. Hona hemen satira eta mozorroa: espazio-denborari buruzko gure ikuspegia txikituko du, eta espero gabekoa eta aurreikusi ezin dena deskubritzera eramango gaitu. Jolas egiteko gonbidapena, horixe da Erraldoien Bildumagilea.

Joan Font. Els Comediants

ERAKUSKETA: ERRALDOIAK BILBOKO METROAN

Noiz: 2019/07/01 ? 2019/09/15

Non: Zazpikaleak / Casco Viejo geltokia (Unamuno plazako irteera)

Argazki erakusketa: Euskal Museoaren irudiak

Bilboko Metroko Zazpikaleak / Casco viejo geltokian sei panel jarriko ditugu, Euskal Museoko “Bilboko Erraldoiak eta Buruhandiak” erakusketaren erakusgarri gisara. Museoak akordio bat sinatu du, eta, horren bidez, Museoarekin eta Erraldoiekin loturiko irudiak erakutsiko dira udan. Hala, Bilboko Metroan doazen bidaiariek erakusketaren muina eta Klaustroa bera nolakoak diren ezagutzeko aukera izango dute, hainbat argazkiren bidez.

KALEJIRA ETA ERRALDOIEKIN DANTZAN

2019/07/11-18 (Erraldoiekin Dantzan Espazioa)Non eta noiz: Euskal Museoa, Unamunoko atea, 19:00etan (Kalejira). Euskal Museoa. Klaustroa (Gurutze kaletik sartuta), 11:30etik 13:30era (Erraldoiekin Dantzan Espazioa)Ez duzu zertan aldez aurretik izenik eman. Doako jarduerak.

Erraldoien eta buruhandien kalejira, Alde Zaharrean barrena, Erraldoien Ondalan Konpartsaren eta Bizkaiko Gaiteroen eskutik. Festa horren bidez, ongietorria egingo zaio erakusketari. Ibilbidea, hauxe: Gurutze kalea / Artekale / Santiago plaza / Bidebarrieta / Loteria / Plaza Barria / Kapelagile / Gurutze. Euskal Museotik abiatuko da kalejira, eta bertan amaituko da, Gurutze kaleko 4. zenbakiko atean.

Erraldoiekin Dantzan Espazioan, berriz, Erraldoien Ondalan Konpartsak erraldoiekin dantza egiten erakutsiko die gaztetxoei, Museoko Klaustroan. Zortzi buruhandi erabiliz, 15 urtetik beherako gaztetxoek ikasiko dute nola egiten den dantza, uztaileko lehen hiru ostegunetan. Txiki-txikiek, ordea, marrazkiak, margoak eta txapak egingo dituzte. Sarrera dohainik, betiere, leku-kopuruaren arabera.

“ERRALDOIAK” LIBURUA

Aurkezpenaren data: 2019/07/10Non eta noiz: Euskal Museoan (Klaustroan), 10:30ean.Haur eta gazteei zuzenduta. Testuak Begoña Elorrietak idatzi ditu, eta ilustrazioak, berriz, Alex Orbek egin ditu.

"Gigantes/Erraldoiak/Giants” dugu IPUINAK bildumako hirugarren izenburua. Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratzen du bilduma hori. 2017an abiatu zen bilduma, Bizkaiko herri-kultura, mitologia eta folklorea haur eta gazteen artean ezagutzera emateko, eta hiru eletan, gainera ?euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez?. Lehen liburua Gargantuari buruzkoa izan zen: “Gargantua txapeldun”. Mikel Gil Sojok idatzi zituen testuak, eta Andrea Alonso Vargasek egin zituen ilustrazioak.

2018an, ostera, “Marijaia” argitaratu zen, Aste Nagusiko erreginaren omenez. Idoia Barrondok idatzi zuen, eta ilustrazioak Nuria Hachek egin zituen. Liburu horrek arrakasta handia bildu zuen Bilboko jaietan, festetako pertsonaiarik maitagarrienaren kolore biziak erakusten baitzituen.

Orain, 2019an, eta Euskal Museoak antolatzen duen “Bilboko Erraldoiak eta Buruhandiak” erakusketarekin bat eginez, hainbat pertsonaia hautatu dira, eta ez bat bakarra: Erraldoiak, Bilboko pertsonaia guztiz ezagunak. Begoña Elorrietak idatzi ditu testuak, eta Alex Orbek egin ditu ilustrazioak. Bien elkarlanaren bidez sortu da liburu hau, non bi gaztek deskubrituko baitute Euskal Museoko Erraldoiak bizirik daudela.

Bilduma honi esker, gazteek eta turistek gertutik ezagutu dezakete euskal kultura eta Bizkaiko mitologia eta folklorea. Gainera, zenbakiak ez dira inoiz berdinak; izan ere, ilustratzaile eta idazle bana aukeratzen dugu liburu bakoitzerako, eta ilustratzaileek nork bere modura islatzen dute idazleak proposaturiko testua. Liburuak Museoan bertan salduko dira, udan, 8 euroan.