BILBO. Bizitza osoa Bilbon bizi izan zara, baina, ba al dakizu zein den oraindik mantentzen den etxebizitzarik zaharrena edo non dauden erdi aroko harresi-abarrak? Eta zuk, hiriko hotel moderno batean lo egiten duzun noizbehinkako bisitari hori, lehenengoa non kokatuta zegoen jakin nahi duzu? Seguruenik, Santiagoko Katedrala mugitzen dela ez dakizu, edo Azkuna Zentroaren zimenduen azpiko sekretuak ere ez.

Enigma hauek eta bestelakoak argitzeko Hemengo Shopping udako ibilbide gidatuen bigarren edizioa martxan jarri da. Bilboko saltoki berezi eta adierazgarrienen bitxikeri eta anekdotak ezagutzera ematen dituen ekimena, bilbaoDendak-ek antolatua, Bilboko merkataritza eta turismo jarduera sustatzeko elkartea, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.

Pasa den udan antolatutako lehenengo edizioak arrakasta handia izan zuen publikoaren artean, eta bilbaoDendak-ek esperientzia errepikatzea erabaki du, bai iaz parte hartu zuten establezimenduekin bai lehenengo aldiz parte hartuko dutenekin.

Ostegunero, arratsaldeko 6etan

Modu honetan, uztail eta abuztuko ostegun guztietan -uztailak 25 eta abuztuak 15 jai egunak izan ezik- 18:00etatik aurrera, Bilboren bitxikeri eta historiatik bidaiatu nahi duen orok bi ibilbide izango ditu aukeratzeko. Horietako batek Santiagoko Katedrala du abiapuntu bezala eta Alde Zaharra eta honen inguruetatik ibiliko da. Besteak, aldiz, Moyua plazatik irtengo da eta Zabalgunetik ibiliko da. Bisita hauetan parte hartzeko ez da inskripziorik egin behar, elkargunean adierazitako egun eta orduan egotearekin nahikoa da.

Hemengo Shopping ibilbideek historia, kale eta denden bitartez Bilbo erakustea dute helburu

-edo ezagutzen duenari berriro erakustea-. Gainera, hiriaren bilakaera eta betiko denden arteko anekdota-bilduma ederra azalduko da, merkataritza ekimen berriak albo batean utzi gabe.

Zer da txakinarto?

Merkatariekin harreman zuzena izatea eta saltokien dendaosteak ikustea da bilbaoDendak elkartearen proposamena: moda eta osagarriak, janari-dendak, gourmet, izozki-dendak, etxerako osagarriak, arte eta kultura, besteen artean.

Parte hartzaileek Bilbo beste ikuspuntu batetik ezagutzeko aukera izango dute: toki, xehetasun eta produktu originalak, bertoko establezimendu askok dituzten bitxikeri, sekretu eta berezitasunekin batera. Adibidez, “txakinartoa” zer den jakin, munduko saltsarik pikanteena non aurkitu, non ipini dizkieten markoa ehun Picasso baino gehiagoi, edo zenbat almendra tona ehotu behar diren gabonetako turroi-denden eskaera hornitzeko.

Labur esanda, Hemengo Shopping ibilbideek bertoko merkataritzaren garrantzia azpimarratzea bilatzen dute, aldi berean, aisialdi alternatiba originala eskainiz bai hiritarrentzat bai udan Bilbo bisitatzen dutenentzat. Beti ezkutuan geratzen den hura ikusteko aukera eskaintzen dute, hiriko saltoki berezienen atzean geratzen dena, barrutiko historiaren inguruan gida turistikoetan normalean aurkitzen ez diren sekretu eta anekdotez gainera.