BILBO. "Aretxaga-Miribilla" espazioak margolan berria du. Espazioa "hiriaren alde zaharraren" eta Miribillako auzo berriaren hasieraren arteko bide-gurutze gisa gauzatzen da. Proiektua Andoni Eubaren proposamen bati esker sortu zen.

2018ko martxoan inauguratu zenetik erakusgai jarri den laugarren obra "mugikorra" da. Proiektuak Andoni Eubaren proposamen bat du abiaburu (Andoni Euba artista ezaguna da, ibilbide luzekoa) eta Bilboko Udalaren bultzadarekin gauzatu da, zeinak ostera ere baliatzen baitu artea hiri-kohesiorako eta hiria zaharberritzeko, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetan.

OLIO-PINTURA ERABERRITZE URBANOA OSATZEKO

Udalak 2017ko maiatzean berreskuratu zuen "Aretxaga-Miribilla" espazioaren ingurua, erabat oinezkoentzat bihurtuta eta Miribilla kalea erabat berrituta, milioi erdi euro inbertituz inguru hartako auzotarrek eskatzen zuten jarduna gauzatzeko.

2018ko martxoan estreinatu zen espazioa, uneoro bi obra dauzkalarik erakusgai: bat egonkorra eta bestea mugikorra. Horma-irudi iraunkorrak 3,8 x 3,8 m ditu, eta zuzenean hormaren gainean dago margotuta, "Arranoak Vs Dronak" izeneko irudi bat erakutsiz: irudia gaur egungoa da, eta naturaren eta teknologia berrien arteko gatazka eta elkarbizitza adierazi nahi du.

Beste alde batetik, leku hartan bada horma-irudi mugikor "instalatu" bat, eta aldatuz joango da, gutxi gorabehera bi urtean zehar, guztira hartarakoxe sortutako 8 obra igaroko direlarik bertatik.

Orain, "La luz es seca y la sombra húmeda en Nagore de Labeko” horma-irudi berriak (bera da laugarrena, proiektuak iraungo duen epearen erdialdea markatuz) Bilboko eguneroko irudi bat erakusten du, Zazpi Kaleetako saltoki baten erakusmahaiaren atzean gauzatzen dena.

Ekimena osatzen duten horma-irudi guztiek dute berezitasun bat, inguruko kaleetan dauden gainerako artelanetatik bereizten dituena, kanpoan batere edo oso gutxi erabiltzen den teknika batekin eginak daudenez gero: olio-pintura, konstante bat Andoni Eubaren obran.

Proiektu hau Bilbo Zahar, San Frantzisko eta Zabalarako ‘Auzokizuna 2020’ Jarduera Plan Partekatuan kokatzen da, zonaldean bizi-kalitatea eta bizikidetza hobetzeko helburuarekin.