BILBO. Aste Nagusiko 34. Bertako Metal eta Pop Rock Erakusketan izena emateko epea zabalik dago ekainaren 9ra arte. Parte hartzeko izen-ematea www.bilbao.eus udal web orriaren bidez egitea derrigorrezkoa da. Gutxienez taldeko kide batek Bizkaian egon behar du erroldatuta. Ekimena talde gazte eta ez profesionalei zuzenduta dago.

1985ean hasi zenetik, Platero y Tú, We Are Standard, Penadas por La Ley, Zodiacs, Gora Japon, Zea Mays, Idi Bihotz, Atom Rhumba, Audience, Los Brazos, Memoria de Pez, Porco Bravo, Eureka Hot 4, Ainara Legardon, Smile, Rise To Fall, Unbreath, Eneko Mobydick, Rubia, Dekot edo Zazkel moduko taldeak igaro dira erakusketatik.

Metal, pop-rock, folk, rap, hip hop eta abarretan (jazza izan ezik) sartzen diren musika estiloak entzuteko aukera izango da kontzertuetan, eta 15 banda finalistak hautatzeko, epaimahaiak bereziki hartuko ditu kontuan emakumeek osatutako taldeak eta euskarazko lanak. Kazetari eta musika kritikariek osatuko dute epaimahaia.

Bandek eta artistek inprimaki bat bete beharko dute izena emateko, eta honako hauek aurkeztu inprimakiarekin batera: jatorrizko lau kanta, mp3 edo wav formatuan; argazki bat jpg, bmp edo png formatuan; artistaren edo taldearen historia edo biografia, doc, docx edo pdf formatuan.

Erripako kaia, Unamuno plaza, Areatza, Bailen kalea eta, gaur egun, Bilborock aretoa izan dira erakusketaren agertoki, eta emanaldietan 194.000 ikus-entzule baino gehiago bildu dira 34 edizioetan. Metal For The Crew eta Beste Jack elkarteen lankidetza du lehiaketak.