BILBO. La Grande Chapelle Taldea gaur izango da Bilbao Arte Sakratua jaialdian, 20:00etan. Atxuriko Gizakunde Elizan. Sarrerak 5 eurotan salduko dira. Bilbao Arte Sakratua jaialdiaren, ‘Egurra eta soka’ izenburupean, hamabostgarren edizioa da aurtengoa.

Pazko jaia Piazza Navonan

Gaztelak Erroman zeukan San Giacomo degli Spagnoli elizako Pizkundearen Kofradiak Pazko-ospakizunak prestatzen zituen 1579az geroztik Piazza Navonan, festa horiek zirelarik Espainia Italiako botere nagusia zen garai hartako ospakizun publiko handiosenetako batzuk. Prozesiorako, Navona plaza gain-gainetik apaintzen zen zernahi edergailuz: arkitektura pasakorrak eta eszena alegorikoak, argiak, su artifizialak eta hiriko abeslari onenek abestutako kantuak. Tomás Luis de Victoria kofradia horretako kidea zen, eta prozesioko partaidea, harik eta 1585ean Espainiara itzuli zen arte. Kontzertu honek berritu egin nahi ditu eliza eta plaza horietan interpretatzen zen musika, genero eta konpositore sorta zabal batetik aukeratutako piezekin.

La Grande Chapelle bokazio europarreko ahots eta instrumentu talde bat da, antzinako musika egiten duena, eta bere helburu nagusia da XVI. eta XVIII. mendeen arteko Espainiako obra bokal handien irakurketa berri bat egitea, bereziki atsegin dutelarik Barrokoko produkzio polikorala. Taldeak helburutzat du orobat musika errepertorio hispaniarra berreskuratzea, premia-premiazko lana inondik ere. 2005ean sortu zenetik eta ondare musikal hispaniarra zabaltzeko asmoak akuilaturik, zigilu propioa sortu zuen (Lauda), grabaketa zainduak egiteko. Taldeak bi ardatz nagusi ditu: Urrezko Mendeetako musikaren eta literaturaren arteko harremana aztertzea, eta Errenazimenduan eta Barrokoan sortutako konposatzaile espainiar garrantzitsuenen produkzioa berreskuratzea. Mundu mailako lehen grabazioak egiten ditu, grabazio horien bitartez bere testuinguruan kokatzen duelarik egile edo obra zehatz bat.