BILBAO. Bihar, apirilaren 7an, ospatzen da Osasunaren Munduko Eguna eta aurten Osasunaren Mundu Erakundeak aukeratu duen leloa “Guztiontzako osasuna” da. Horregatik, Bilboko Udalak hirian dauden 133 elkarteen lana eskertu eta erakutsi nahi du eta, aldi berean, omenaldi bat egin nahi die elkarteei laguntzen dietenei.

Eskertza hori Udaletxeko Arabiar Aretoan eskainitako ohiko harreran egin da. Bertan izan dira Alfonso Gil, Bilboko alkateordea eta Mugikortasun Politiken, Ingurumen, Etxebizitza eta Garapen Osasungarriaren koordinatzailea, eta Yolanda Diez, Osasun eta Kontsumo zinegotzia.

X. edizio honetan Bizkaiko Odol Emaileen Elkartea, ALUVIZ Ludopatei Laguntzeko Elkartea, Gravis Miasteniaren Elkartea eta Bizkaiko Esklerosi Anizkoitzaren Elkartean diharduen Mar Mendibe neurologo klinikoa saritu dituzte.

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak etengabeko harremana dauka urte osoan arlo soziosanitarioan diharduten Bilboko 133 elkarteekin. Lankidetza estu honen bitartez osasun komunitarioaren hainbat arlotako programa ugari egiten dira, adibidez osasunaren sustapena eta heziketa, gaixotasun jakin batzuk dituzten pertsonen laguntza-taldeak, drogamenpekotasunaren inguruko prebentzioa eta gizarteratzea, eta abar.

OSASUNAREN MUNDUKO EGUNA

“Guztiontzako osasuna” da Osasunaren Mundu Erakundeak 2019rako aukeratu duen leloa; apirilaren 7an (domeka) izango da egun hori.

BIZKAIKO ODOL EMAILEEN ELKARTEA

Osasuna sustatzearen eremuan lan egiten dutenen izenean, Bizkaiko Odol Emaileen Elkartea saritu dute odola ematea sustatzeko egiten duen lan eskergagatik. Gainera, “Guztiontzako osasuna” Osasunaren Mundu Erakundeak 2019rako aukeratu duen leloaren harira, odola ematea ekintza solidarioa da, herritarrek parte hartzen dutena, eta horrek aipatutako helburua lortzen laguntzen du.

ALUVIZ BILBAO LUDOPATEI LAGUNTZEKO ELKARTEA

Adikzioen eremuan lan egiten duten elkarteen izenean, honako honetan Aluviz Bilbao Elkartea saritu dute, ludopatiak eta substantziarik gabeko beste adikzio batzuk dituzten pertsonen gizarteratzean eta errehabilitazioan eta adikzio horien prebentzioan egiten duten lan ikusgarriagatik.

GRAVIS MIASTENIAREN ELKARTEA

Gravis Miastenia Elkarteak jaso du saria aurten, gaixotasun hori pairatzen duten gaixoei eta euren familien ematen dien laguntza eskertzeko, bai eta zabalkunde eta kontzientziatze lana egiten duelako ere. Horrela, miastenia duten pertsonen bizimoduaren kalitatea hobetzen laguntzen dute, baita gaixotasunaren onarpen soziala ere.

MAR MENDIBE DOKTOREA, NEUROLOGO KLINIKOA, ESKLEROSI ANIZKOITZAREN BIZKAIKO ELKARTEKOA

Elkarteetan diharduten profesionalen izenean, aurtengo saria Mar Mendibe neurologo klinikoari eman zaio, Esklerosi Anizkoitzaren Bizkaiko Elkarteko gaixoei eta euren familiei eskaintzen dien denbora eta dedikazioagatik.