BILBO. Bilbaoko Udalaren ordezkaritza bat El Salvadorren izango da bisitan, otsailaren 10etik 18ra. Itziar Urtasun Berdintasun, Lankidetza eta Bizikidetzako zinegotzia izango da burua. Bisitaren xedea hau da: El Salvadorren diruz lagundu diren proiektuen betetze maila gainbegiratzea.

“Proiektuen jarraipena fase garrantzitsua da lankidetza-proiektuen bizi-zikloan. Udalarentzat, lan-misio horiek eremu honetan egiten dugun lanaren berezko osagaia dira: jarraipenaren bidez, proiektu bat bitarteko edo amaierako faseetan duen gauzatze maila gainbegiratzen da. Horretarako, emaitzak edo helburuak eta aurrekontua zein mailatan gauzatu diren aztertzen da”, azaldu du zinegotziak.

Oraingo honetan, El Salvadorrera egingo den jarraipen-misioa Udalaren Garapenerako Lankidetzaren III Plan Zuzentzailearen barruan dago eta haren helburu nagusiak hauek dira: herrialdearen egoerari buruzko informazio eguneratua eskuratzea, GKEen bidez eta Euskal Fondoaren bidez finantzatutako hainbat proiekturen jarraipena egitea, eta erakunde publiko edota pribatuekin iraganean izandako elkarlanari eusteko edo elkarlan berriak hasteko aukerak aztertzea.

Aurreikusi den agendari dagokionez, nabarmendu beharrekoa da Heicy Marisela Flores Cuscatancingoko alkatearekin egingo den batzarra. Otsailaren 11n egingo da, astelehena, udalerri horretako Emakumeen Etxearen ekipamenduaren proiektua bisitatzeko. Beste batzar bat egingo Pedrina Rivera Suchitotoko alkatearekin hilaren 13an, asteazkena, emakumeak ahalduntzeko garapen ekonomikoko eta antolakuntzako proiektua gainbegiratzeko, eta Euskal Fondoaren ur eta saneamendu proiektua eta genero proiektua aztertzeko. Amaitzeko, Mario Meléndez Panchimalcoko alkatearekin bilera bat egingo da, emakume ekintzaileen proiektuaren egoeraren berri jakiteko.

HAMAR PROIEKTU SALVADORREN

Zinegotziak Alberto Ruiz de Azua saileko zuzendaria eta Miguel Pérez udaleko Lankidetza Sekzioko burua izango ditu lagun. Bisitaldian zehar, hamar proiektu ingururen emaitzen eta helburuen berri ikasiko dute. Proiektu hauek diru-laguntza jasotzen dute azken 4 urtean, eta hainbat helburu dituzte, besteak beste, hainbat udalerritako saneamendu eta hornidura sistema hobetzea, emakumeen ahalduntzea eta ekintzailetza bultzatzea, eta generoko eta LGTBko politikak sustatzea. Hona hemen haietako batzuk:

San Salvador departamendua, Panchimalco udalerria.

2017-2019ko diru-laguntza (urte askotakoa) Bakea eta Elkartasuna fundazioarekin, emakumeak ahalduntzeko.

Proiektua: Ekintzaile antolatuak, toki garapena jorratzen.

Cabañas departamendua, Victoria udalerria.

2018ko diru-laguntza, urtekoa, ISF-Ingeniería Sin Fronteras elkartearekin.

Proiektua: Komunitatearen garapen bidezko eta jasangarria, ura edukitzeko giza eskubidea bermatuz.

La Libertad departamendua, Comasagua udalerria.

2015 eta 2016ko diru-laguntza, urtekoa, ISF-Ingeniería Sin Fronteras elkartearekin.

Proiektua: Edateko uraren eta saneamenduaren zerbitzuak modu jasangarrian jasotzea.

Cuscatlán departamendua, Suchitoto udalerria.

2018ko diru-laguntza, urtekoa, Setem-ekin.

Proiektua: Suchitotoko emakumeak, garapen ekonomikoan eta antolaketan eta ahalduntze pertsonalean laguntzen, euren eskubideak gauzatzeko.

La Unión departamendua, Anamoros eta Yucuaiquin udalerriak.

Proiektua: Erakunde arteko lankidetza-programa, uraren eta saneamenduaren ingurukoa, Euskadi eta Erdialdeko Amerikako (El Salvador eta Costa Ricako) entitateen artean egina.

San Salvador departamendua, Cuscatancingo udalerria.

2017ko hitzarmena.

Proiektua: Datuak lantzeko zentroaren ekipamendua Cuscatancingoko Emakumeen Etxean.

Cuscatlán departamendua, Suchitoto udalerria

Koordinazioa Euskal Fondoaren proiektuekin.

Proiektua: Ur eta saneamendu programak gauzatzea zenbait komunitatetan, eta komunitate-kudeaketa genero-ikuspegiarekin sustatzea.

Herrialdeko zenbait departamendu

Koordinazioa Euskal Fondoaren proiektuekin.

Proiektua: Udal kudeaketa integral baterantz joatea, genero-berdintasuna eta LGTBI pertsonen eskubideak barruan hartzen dituena.

GARAPENAREN LANKIDETZARAKO III. PLAN ZUZENTZAILEA

Udalak El Salvador sartu du Garapenerako Lankidetzaren III. Plan Zuzentzailean (2016-2020) lehenetsitako eremu geografikoen barruan. Zentzu horretan, nazioarteko lankidetzako udal jarduketak egiten dira, GKEen bitartez edo beste euskal administrazio batzuekin lankidetzan arituz, Euskal Fondoaren bidez edo zuzenean.

Proiekturik garrantzitsuenetako batek zenbait euskal administrazioren ahaleginak bateratzen ditu (Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko eta Arabako foru aldundiak, Bilboko eta Gasteizko Udalak, ...). Proiektu honen helburua da ANDAren (El Salvadorreko ur eta saneamenduko kudeatzaile publiko nazionala) eta AYAren (Costa Ricako kudeatzaile publiko nazionala) kudeaketa tekniko, operatibo, administratibo eta finantzarioko gaitasunak indartu eta garatzea. Hemen, halaber, Anamorós eta Yucuaiquín udalerrietarako (La Unión departamendua, El Salvador) hiriguneetako biztanleriaren ur eta saneamendurako giza eskubidea bermatzen laguntzeko prozesu bat dago, jasangarritasunaren eta genero-berdintasunaren ikuspegietatik.

2015etik 2018ra, El Salvadorren 700.000 euro baino gehiago bideratu ditu proiektutan Bilboko Udalak; udalaren baliabideak eskuratzen dituzten herrialdeen artean hirugarrena da El Salvador denboraldi horretan. Udalaren diru-laguntzak jaso dituzten beste herrialde batzuk Lankidetzako III. Plan Zuzentzailean deskribatutakoak dira, esate baterako, Honduras, Senegal, Guatemala, Kolonbia eta Kongoko Errepublika Demokratikoa.