ZirtZart Basaurik Uda Gazte eta Uda Tekno Steam campusak eskainiko ditu, 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzat, ekainaren 27tik uztailaren 8ra. Lehenengo campusa Basozelaiko Gaztegunean eskainiko da, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik aurrera, eta egunean bi orduko iraupena izango du. “Bertan, kirol eta ur ginkanak, eskulanak eta abentura irteera izango dira, besteak beste”, azaldu dute Udaletik.

Uda Tekno Steam campusa Arizko Dorretxean izango da asteartetik ostiralera, 19:00etatik aurrera eta egunean hiru orduko iraupenarekin. Egingo diren jardueren artean, “bideojokoak sortzeko tailerrak edo 3D fabrikazioa” nabarmendu daitezke. Interesdunek izena emateko aukera edukiko dute maiatzaren 16tik ekainaren 15era, telematikoki, gazte-zerbitzuaren webgunearen bitartez (zirtzart.basauri.eus) edo aurrez aurre, Basozelai Gizarte Etxean dagoen Gazte Informazio Bulegoan. Horrez gain, bi tailer ere antolatu ditu: harreman osasuntsuei, maitasun erromantikoari eta mikromatxismoei buruzkoak. Maiatzaren 13an eta 20an izango dira, Medicus Mundik emanak.