Galdakaoko Udalak ostegun honetan jakinarazi duenez, uholde arriskua dela eta, alerta gorrian sartu da. Horregatik, uholdeen ondorioz sor daitezkeen arrisku-egoerak prebenitzeko, Udalak herritarrei erne egoteko eskatu die. Gainera, ibilgailuak ibai ingurutik kentzeko eskatu da, goizetik hasi baitira zenbait gainezka egiten.

Aurreikuspenak kontutan izanda eta goizean ibaiak oso hazita zeudela ikusita, Galdakaoko Udaleko Uholdeen Larrialdi Mahaia osatu da eguerdian, eta herritarrei deia egin die: uholdeak izateko arriskua duten guneetan bizi direnei adi egiteko eskatzen die Udalak, eta autoak ibai edo erreka inguruetatik aldentzeko. Bereziki, autoa Zuhatzun, Olabarrin eta Puentelatorre inguruan aparkatuta dutenei egiten die handik kentzeko deia. Gune batzuetan gainezka egiten hasi dira urak. Ibai inguruko gainerako lekuetan dauden autoekin ere berdin jokatzeko gomendatu du. Erreka inguruetan bizi direnei edo autoak leku arriskutsuetan dituztenei telefonoz deitzen ari zaie Udaltzaingoa, egoeraren berri emateko.

Urreta kalea ixteko erabakia ere hartu du Larrialdi Mahaiak, Arantzile eta mendialdetik datozen urak irentsi ezinik, ur pilaketak sortzen ari baitira. Itxita egongo da kalea, eta garajeetara doazenei soilik utziko zaie bertatik pasatzen.

Duela hamabost eguneko arrisku egoeran egin bezala, mendialdeetatik datorren ura biltzen den dekantagailuak eta arketak etengabe errebisatu eta garbitzen ari da Udala, arazoak saiheste aldera. Batez ere enbor, adar eta hostoek uraren jarioa oztopatzea saihestea da helburua, eta ondorioz, uholde arriskua txikitzea.