Basauriko Sagarrak Ekologista Taldeak kontsumo arduratsua sustatuko du bertako saltokietan. Kontsumo arduratsu, eraldatzaile eta ekofeministaren kanpaina abiarazi du, Basaurin erosketak atsegin handiz! kanpainaren barruan. Lau laburmetraik eta bisita gidatu batek Bidezko Merkataritza eta kon-tsumo arduratsuaren balioetako batzuk betetzen dituzten tokiko ekimenak erakutsiko dituzte.

SETEM Hego Haizea eta Sagarrak Ekologista Taldeak ekimen hau egingo dute azaroan zehar, Basaurin tokiko merkataritza sustatzeko, hain zuzen ere, “bidezko merkataritzaren eta kontsumo arduratsuaren balioetan oinarritzen diren merkataritza-ekimenetako batzuk ikusaraziz”, azaldu dute. Guztira, lau laburmetrai izango dira, Al Borde Films ekoiztetxe bilbotarrak eginak, eta “herriko lau denden eta haien arduradunen istorioak kontatuko dituzte. Pieza bakoitzean jakin ahal izango da gure kontsumoak nola lagun dezakeen errealitatea eraldatzen, baita horrelako saltokiek Basauriko eguneroko bizitzari ematen dioten balioa ere”.

Bideo horiek aste honetan zabaltzen ari dira sare sozialen bidez, #ConsumoGusto #AtseginHandiz traolak erabilita, eta Sagarraken YouTubeko kanalean ere ikusi ahal izango dira. Bideo bat argitaratzen ari dira egunero, eta guztiak jarduera publiko batean aurkeztuko dira azaroaren 18an, 19:00etan, Sozial Antzokian. Bertaratzeko, gonbidapena jaso beharko da leihatilan. “Okindegi bat, arrandegi bat, elikagai ekologikoak, bidezko merkataritzakoak eta solteko produktuak saltzen dituen denda bat, eta etxeko janarien establezimendu bat dira bideo horien protagonistak”.

Baina baita SETEMek eta Sagarrak elkarteak azaroaren 26an, 18:00etan, herritarrei proposatzen dieten ibilbide gidatuaren protagonistak ere. Bisita horretan merkatariekin zuzenean hitz egin ahal izango da “tokiko saltokien eta saltoki alternatiboen garrantziaz eta onuraz”. Jarduera horien helburua da “kontsumoak duen botere eraldatzaileaz Basauriko herritarrak kontzientziatzea. Izan ere, tokiko kontsumo alternatiboa, hurbiltasunekoa, ekologikoa eta bidezko merkataritzakoak hainbat onura ekar ditzake gure ingurura”.

Ekimen honek kontsumo mota hau praktikan jartzeko herriko establezimenduak erakutsiko ditu. Izan ere, kanpaina honen bidez, kontsumo-ohiturak aldatzea posible dela erakutsi nahi da, dendak pertsonengandik gertu daudela, herrian erosketak egin daitezkeela eta horrek onura ezberdinak dakartzala.

‘Basaurin erosketak’

SETEMek eta Sagarrakek hamar urte baino gehiago daramatzate Basaurin elkarlanean, “kontsumo arduratsua begirada feminista batetik sustatze aldera”. Aurkeztutako jarduerak Basauriko Udalak diruz lagundutako proiektu baten parte dira, eta Basaurin erosketak atsegin handiz!Aurten, Sagarrakek plastikozko poltsen erabilera murriztu nahi du gure erosketetan.

Kanpaina horren barruan, bi izango dira ardatz nagusiak. Alde batetik, “auzoetako denda txikiek behar duten laguntza, aspalditik arriskuan baitaude saltoki handien presioagatik, eta plataforma handien on line salmenta”. Bestetik, “produktuak ontziratu gabe eta soltean erostea eta plastikozko poltsen erabilera murriztea”. Gainera saltokietara “hurbilduko gara, poltsa etxetik daramaten bezeroak zorionduko ditugu, eta telazko poltsa berrerabilgarriak erabiltzera eta soltean eta ontziratu gabe erostera gonbidatuko dugu jendea, plastikozko poltsen erabilera murrizteko”. Horretarako hondakinen murrizketan parte hartu nahi duten pertsona guztiak “gonbidatuko ditugu, eta kotoizko poltsak emango dizkiegu erosteko”.