Basaurik Euskal Herriko hainbat tokitatik etorritako taldeen dantzekin gozatu zuen atzo. Egun garrantzitsua zen Euskal Herriko Dantza Agerketa jaialdia antolatzen dutenentzat. Gainera, 49. edizioan, jaialdiak talde gonbidatuen zuzeneko emanaldiak berreskuratu zituen, iaz Basauriko dantza taldeekin bakarrik egin ahal izan bai- tzen. Social Antzokian izan zen arratsaldean Dantza Agerketaren lehen jardunaldia.

Talde gonbidatuen txanda izan zen atzo, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Zuberoatik iritsitako taldeen txanda, hain zuzen ere. Ikusleek erantzun egin zuten, eta une honetan beharrezkoak diren osasun-neurriak hartuta, antzoki basauritarrak irudi ederra erakutsi zuen, nabari zen jendeak jaialdiaz gozatzeko gogoa zuela. Aurten, atzoko jaialdian dantza talde hauek hurbildu ziren Basauriraino: San Lorentzo (Berriz, Bizkaia), Guardia-Biasteriko dantza taldea (Araba), Aurtzaka (Beasain, Gipuzkoa), Barde Ribera (Fustiñana, Nafarroa) eta Atharratzeko Dantzariak (Atharratze, Zuberoa).

Taldeak beraien musikariekin etorri ziren eta, dantzak eman bitartean, aurreko urteetan izan diren argiztapen eta irudi laguntza ere izan zuten, baita jatorrizko herrietako irudien proiekzioa ere. Euskal Herriko Dantza Agerketa Basauriko dantza taldeek (Agintzari, Basauritar eta Edurre) modu altruistan antolatutako ikuskizuna da.

Ekitaldi berezia Antolakuntzatik aipatu zuten bezala, "uste genuen urtez urte jarraitzen digun publiko fidela ezin genuela utzi Dantza Agerketa gabe, Euskal Herrian ekitaldi bakarra, baita non zazpi herrialdeetako dantza autoktonoak erakusten diren, beti ere bertako dantzariek dantzatuta". Hori da bere ezaugarri nagusienetako bat. Urteetako ibilbidea dela eta, Euskal Herriko Dantza Agerketa "folklore tradizionalaren erreferentzia-gune bihurtu da. 49 edizio bete izana eta talde autoktonoen erakusleiho gisa mantentzea pozgarria da bai Basauriko herriarentzat, eta bai antola- tzen ari garen herriko taldeentzat".

Izan ere, Euskal Herriko Dantza Agerketaren ezaugarri nagusia honako hau da: dantza talde autok- tonoek soilik hartzen dute parte. "Horrela deitzen zaie beren herrietako edota eskualdeetako dantzak gorde dituzten taldeei. Talde autok- tonoek bertakoentzat esangura- tsuak diren egunetan egiten dituzte dantzak (herriko jaiak, inauteriak, etab.)".

Horregatik, Basaurin atzo erakutsi zituzten hainbat dantza jatorrizko lekuetan eta egun berezietan soilik ikus daitezke. Hala ere, "jatorrizko herrietan dantza egiteari utzi baldin badiote, dantza horiek egiten dituzten taldeak ere gonbidatu izan ditugu inoiz edo behin", azaldu zuten. "Aukera paregabea da beroriek ezagutzeko egun horietan haien herrietara joan beharrik gabe". Gaur egun, "ikuskizun honetan parte hartzea pizgarria da talde askorentzat, harrotasunerako arrazoi bat, egindako lana aitortu egiten zaiela ikusten dutelako".

Gainera, emanaldi horien grabazioak "Basauriko udalerriko artxibo grafikoari eta, oro har, euskal kulturari egindako ekarpena da; izan ere, bideo horiei esker zenbait dantza berreskuratu eta ikasi ahal izan dira, bai eta janzkera batzuk berrikusi ere". Gaur, herriko hiru dantza taldeek berriz ekingo diote dantzari aurtengo jaialdian. Ekitaldi hori ere Social Antzokian izango da, gaur, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Musika aldetik Danbolin taldeko txistularien eta Bizkaiko Gaiteroen laguntza izango dute. Sarrera doan izango da sarrerak aldez aurretik leihatilan jasota.