- Basauriko Bonua kanpainak 667.585 euro mugitu ditu. 13.988 erosketa egin dira guztira. Hala, bonuan diruz laguntzeko partida ia osorik agortu da: 150.000 euro zeuden, eta 149.122 gastatu dira. “Ezin positiboagoa” izan da Udalak abiarazitako Basauri Bonua ekimenaren balantzea, Udaletik adierazi duten bezala.

Kanpainaren helburua zen udalerriko merkataritza eta ostalaritza berraktibatzen laguntzea eta, “hala, osasun-krisiaren eragin negatiboei aurre egitea”. Datuei dagokionez, 13.988 erosketa egin dituzte herritarrek herriko merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduetan, eta, guztira, 667.585 euro gastatu dituzte.

“Bonuak erosketak saritu ditu: bezeroek pagatu dute produktuek berez balio zutena baino gutxiago”. Horrela, Basauriko Udalak sustatu du “udalerrian kontsumitzea, eta hori onuragarria izan da bai herritarrentzat, bai merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreentzat”. Bonu bi egon dira, gastu-ahalmen desberdinarekin: 6 eurokoa (bezeroak 4 euro pagatu du, eta beste 2 euroak Udalak finantzatu ditu), eta 15 eurokoa (bezeroak 10 euro pagatu du, eta, beste 5 euroak, Udalak).

Basauriko 163 establezimenduk bat egin dute Udalak abian jarri zuen Basauri Bonua kanpainarekin. Udalak 150.000 euro inbertitu ditu kanpaina honetarako. Sistema berri baten bidez jarri da martxan aurtengo bonu kanpaina hau, izan ere, bonu horiek erabiltzeko unean, bezeroak produktua ordaindu eta bonuen bidez egin nahi zuela abisatu besterik ez du egin behar izan.

Beraz, bonuak kanpainarekin bat egin duten establezimenduetan bertan erosten ziren, eta NAN/IFZ/AIZ bakoitzeko gehienez 60 euro arteko bonuak erosi ahal izan dira. Beti bezala, ezin izan dituzte eskudirutan trukatu, eta, erabili ezean, ez da bonuari dagokion diru-kopurua itzuli. Zentzu honetan, modu digitalean erabili dira bonu guztiak, izan ere, merkatariak izan dira, sistema baten bidez, bonu horiek deskontatzen joan direnak.

Bonuen sistema horrek erabilera erraztu du, ez baitago aurretik erosi beharrik, ezta establezimenduetan ordainketa egiterako orduan eskuragarri izatea. Basauriko Udalak prestakuntza bat jarri zuen atxikitako establezimenduen eskura, bonuen kanpaina gidatu duen aplikazioa bertatik bertara ezagutu zezaten.

Erosketak kofinantzatuz “herriko merkataritza eta ostalaritzan kontsumoa pizteko” ekimen berri horrek bat egin du Basauriko Udalak pandemiak eragindako udalerriko profesionalentzat jada abiarazi dituen beste laguntza-lerro batzuekin, Udaletik adierazi duten bezala. Horrela, guztira, milioi bat euro inguru batzen dute.

Izan ere, Basauri Bonua programa udalerrian pandemiak kaltetutako kolektibo profesionalei laguntzeko beste lerro batzuei batzen zaie. “Gaur-gaurkoz, Basauriko Udalak 432.000 euroko laguntzak eman dizkie dagoeneko merkatariei, ostalariei, ETEei eta autonomoei; horien artetik, 382.000 euro alarma-egoerak eragindako galerak arintzeko 590 laguntzari dagozkio, eta beste 49.705 euro, berriz, Covid-19ari aurre egiteko neurriak bermatzeko inbertsioen gastuak ordaintzeko 119 laguntzatan banatu dira”, azaldu dute.

Eta, aurten, merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduetan inbertitzeko laguntza-lerroa 120.000 eurora handitu da (lehen 30.000 eurokoa zen), kontzeptu berean (koronabirusaren prebentzioa) egin beharko diren gastuak ere sartzeko. “Halaber, 2021. urterako, ostalaritzarako dirulaguntzen beste sorta bat egituratu da, 150.000 euroko aurrekontua duena, pandemiak eragindako jarduera-murrizketen ondorioz ostalaritza-establezimenduek izan dituzten galerak arintzeko”. Beste alde batetik, merkatariei eta ostalariei 2020ko zaborren tasaren % 65 deskontatu zaie, ostalaritzako terrazen tasaren zenbatekoaren % 35 baino ez da kobratu, eta aparkatzeko eremuetan terrazak jartzeko baimena ere eman da. Neurri horiek guztiak hartu dira sektore horiek bizi duten egoera arintzeko, Covidaren ondoriozko krisia dela eta.

Oso positiboa. “Ezin positiboagoa izan da Basauriko Udalak abiarazitako Basauri Bonua ekimenaren balantzea”, Udaletik esan duten bezala. Zentzu honetan, udalerriko merkataritza eta ostalaritza berraktibatzen laguntzea eta, hala, osasun-krisiaren eragin negatiboei aurre egitea helburu zuen kanpaina honetan, 13.988 erosketa egin dira eta, guztira, 667.585 euro mugitzea lortu da. Gainera, bonuan diruz laguntzeko partida ia osorik agortu da: 150.000 euro zeuden, eta 149.122 gastatu dira.

6 eta 15 euroko bonuak. Bonu bi egon dira, gastu-ahalmen desberdinarekin: 6 eurokoa (bezeroak 4 euro pagatu du, eta beste 2 euroak Udalak finantzatu ditu), eta 15 eurokoa (bezeroak 10 euro pagatu du, eta, beste 5 euroak, Udalak).