Etxebarriko Udalak gazte etxebarritarren talde batek eskatutako kalistenia-zirkuitu bat jartzeko prozesua hasi du. Proiektu honek 30.000 euroko aurrekontua izango du, eta Udal kiroldegiaren inguruan egingo da, Kukullaga parkean hain zuzen ere.

Udaletik azaldu dutenez, “kalistenia aire zabaleko kirol-modalitate bat da, nagusiki gorputzaren pisua erabiltzen duena, karga edo erresistentzia gehigarririk behar izan gabe”. Instalazio berri hau nerabe eta gazteei zuzenduta dago esklusiboki, eta 12 urtetik gorakoentzat soilik da.

Datozen hilabeteetan martxan jarriko den kalistenia-zirkuitu bat hornitzeko eta egiteko lizitazioa hasi da, bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko helburuarekin. “Instalazio hori aurrekontu-aldaketa batean jaso da, kirol mota hori egiten duen udalerriko gazte-talde batek egindako eskaera bati erantzunez”, diote.

Izan ere, gazteek beraiek lagundu dute kalistenia-zirkuituaren diseinuan eta kokapen-proposamenean. Kalistenia gero eta ezagunagoa da kolektibo gazteenen artean. “Entrenamendu fisikoko sistema hau, nagusiki, gorputzaren pisuaz baliatzen da, karga edo erresistentzia gehigarririk behar izan gabe. Street workout edo Street workoutparkour, normalean kanpoan praktikatzen da, muskuluen garapenean zein garapen kardiobaskularrean eraginez”.

Bizimodu osasungarria izateko alternatiba ekonomiko bihurtu diren kalistenia-parkeek barra-jokoak izaten dituzte, espalderekin, dominadetarako barrak, monkey bar, abdominal-bankuak, besteak beste, eta honen kasuan horrela izango da, kirola egiteko aukera ezberdinak eskainiz.

Kirol anitzeko pista

“Udalerriko parkeetan zerbitzuak hobetu eta zabaltzeko asmoz”, orain dela egun batzuk amaitu dira Kukullaga parkean kirol anitzeko pista txiki bat jartzeko lanak, haur-jolasgune estaliaren ondoan. Kirol anitzeko pistak ate eta saskiak ditu, eta polietilenozko panelez egindako itxitura ere bai, lau saihetsetan, hainbat jolas eta kirol egiteko aukera eskaintzeko eta errazteko, eta haur eta gazteentzat izango da. “Instalazio berri hori erabilera librekoa eta doakoa da, baina gaur egun pandemiarekin lotutako osasun-araudiak baldintzatzen du”, azpimarratu dute Udaletik.

Etxebarrik izango duen mota horretako lehen instalazioa da; beraz, “erabilera eta erabilgarritasuna ebaluatuz, udalerriko beste punturen batean, ahal izanez gero, horrelako zerbitzuak instalatzeko aukera baloratuko da”. Pista horrek Etxebarrin eta aire zabalean hainbat kirol egiteko aukera eskaintzen du, eta, beraz, “kirolaren bidez bizi-ohitura osasungarriak egon daitezen sustatzen saiatzen ari gara”, Etxebarritik irten gabe kirola egiteko aukera eskainiz.