Basauriko Meeting Paralinpikoan 150 kirolarik baino gehiagok hartuko dute parte. "100 baino gehiagok desgaitasunak dituzte; fisikoa, zentzumenena, entzumenarena, burmuineko paralisia edo desgaitasun intelektuala", azaldu zuen atzo Romualdo Doistua, Basauriko Merkatarien Elkarteko presidenteordeak. Berarekin batera, Asier Iragorri Basauriko alkatea, Jon Zugazagoitia Kirol zinegotzia eta Javi Conde Basauriko Probak antolatzen dituen batzordeko eta Bertako-Javi Conde Klubeko presidentea izan ziren aurkezpenean.

Proba Nazioarteko Komite Paralinpikoaren egutegiaren parte da, eta, beraz, Meetingean lortutako emaitzak kontuan hartuko dira bai errekorrak ezartzeari begira, bai IPC sailkapenerako, baita Tokioko Joko Paralinpikoetarako ere. Proba datorren igandean izango da, 9:00etatik aurrera, Basaurin, Artunduagako kiroldegiko atletismo-pistetan. Baina osasun-krisia dela eta, eta segurtasun-neurriak betetzeko, ezingo da ikuslerik egon, "garrantzitsuena gure kirolarien osasuna zaintzea da eta".

"Gure ustez, oso garrantzitsua da kirolaren bitartez normalizazioa eta gizarteratzea bultzatzea. Horren adibide da, hain zuzen ere, Meeting Paralinpikoa, non desgaitasun mental eta fisikoak dituzten tokiko, estatuko eta nazioarteko atletak elkartzen diren. Haien lorpenak eredugarriak dira guztiontzat: ondo baino hobeto erakusten digute mugak gainditzea eta indarra zer diren", aipatu zuten.

Beti bezala, proba oso garrantzitsua izango da. Egitarauan, aurten, 32 proba egongo dira: abiadura-saioak, iraupen ertainekoak, iraupenekoak, jauziak eta jaurtiketak... "Horietan guztietan, atletak saiatuko dira lortzen Polonian ekaineko lehen hamabostaldian egingo diren txapelketetan (FEDDI Mundiala eta Europako IPCa) eta abuztuaren 24tik aurrera Tokion egingo diren Joko Paralinpikoetan parte har-tzeko gutxieneko markak".

Izan ere, lehen mailako atleta asko egongo da Artunduagako pistetan. Besteak beste, Desireé Vila, Sara Martínez eta Martín Parejo jauzilariak, Carmen Paredes iraupen-lasterkaria, Melani Berges eta Ruben Pascual lasterkariak eta Mali Demba Diarra atleta. Jaurtitzaileen artean, David Fernandez eta Eduardo Zança portugaldarra aipatu daitezke.

Basauriko taldeko kirolariak

Gainera, Bertako-Javi Conde talde basauritarra osatzen duten kirolari askok parte hartuko dute. "Mikel García munduko txapeldunak gidatutako taldea saiatuko da 800 metroko (T21) Europako errekorra hausten". Mikelekin batera egongo dira Chus Fernández, Francisco Lopez, Tania Castillo eta Oihane Montejo nazioartekoak, eta beste 35 atleta. Bestalde, "Desgaitasun Fisikoak dituzten Pertsonen Espainiako Selekzioa, Liberty Promesas talde nazionala, Kataluniako, Valentziako eta Madrileko selekzioak eta ia-ia autonomia-erkidego guztietako klubak egongo dira Basauriko Meeting Paralinpikoaren XXIII. Edizioan", aipatu zuten.

Javi Condek berak azaldu zuenez, "proba honek gero eta atleta gehiago izaten laguntzen du klubean eta Basaurin". Gainera, azaldu zuenez, "kirol egokitua asko hazi da Basaurin, eta egiten jarraituko du". Basauriko alkatearen ustez, proba honek "kirol egokitua babestu eta ikusgarri egiteaz gain", "oso ikusgarritasun handia ematen dio Basauriri kirolaren munduan"

Amaitzeko Ohorezko Txipia emango diete Basauri Kirolaki, Juanjo Morgado teknikari madrildarrari eta David Fernández kirolariari.

"Meeting honek oso ikusgarritasun handia ematen dio Basauriri kirolaren munduan"

Basauriko alkatea

"Proba honek gero eta atleta gehiago izaten laguntzen du klubean eta Basaurin"

Ascensores Bertako klubeko presidentea