Basauriko 163 establezimenduk bat egin dute Udalak abian jarri duen BonoBasauri kanpainarekin. Bonuak apirilaren 12tik aurrera trukatu ahal izango dira. Udalak abian jarritako kanpainarako prestatutako webgunean ager-tzen den bezala, atxiki diren establezimendu gehienak dendak dira, baina badira udalerriko ostalari-tza-negozio batzuk ere. Saltokiei dagokienez, mota askotako saltokiak daude; arropa, jostailuak, kirolak, liburuak...

Basauriko Udalak 150.000 euro inbertitu ditu kanpaina honetarako. Basauriko Udalak merkatari-tza- eta ostalaritza-establezimenduetako jarduera sustatu nahi du kanpaina honekin. Basauriko Udalak, guztira, 150.000 euro jarriko ditu kanpaina honetan, "baina udalerrian 450.000 euro inguruko inpaktu ekonomikoa izango du, kopuru horri bezero bakoitzak bonua erostean ordaintzen duena batu behar zaiolako", azaldu zuen Jose Ramón Suárez Basauriko Udaleko Merkataritzako zinegotziak kanpainaren aurkezpenean.

Sistema berria da, izan ere, bonu horiek erabiltzeko unean, bezeroak produktua ordaindu eta bonuen bidez egin nahi duela abisatu besterik ez du egin beharko. Beraz, bonuak kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan bertan erosiko dira, eta NAN/IFZ/AIZ bakoitzeko gehienez 60 euro arteko bonuak erosi ahal izango dira. Ezin izango dira eskudirutan trukatu, eta, erabili ezean, ez da bonuari dagokion diru-kopurua itzuliko.

Beraz, modu digitalean erabiliko diren bonuak dira; izan ere, merkatariak izango dira, sistema baten bidez, bonu horiek deskontatzen joango direnak. Bonuen sistema horrek erabilera errazten du, ez baitago aurretik erosi beharrik, ezta establezimenduetan ordainketa egiterako orduan eskuragarri izatea. Basauriko Udalak prestakuntza bat jarriko du atxikitako establezimenduen eskura, bonuen kanpaina gidatuko duen aplikazioa bertatik bertara ezagutu dezaten.

4 eta 10 euro

Gastu-gaitasun desberdineko bi bonu mota daude: 4 euroko bonuak, 6 euroko gastu-gaitasunarekin, eta 10 euroko bonuak, 15 euroko gastu-gaitasunarekin. Hau da, "4 euroko bonuen kasuan, bezeroak 4 euro ordainduko ditu 6 euro balio duen produktu bat erostean, eta bi euroko diferentzia hori Basauriko Udalak hartuko du bere gain, eta 10 euroko bonuen kasuan, berdin jokatuko da".