Kale-garbiketarako kontratu berriaren adjudikazioduna, ENVISER SAU, datorren 29an hasiko da martxan Basaurin. Basauriko Udalak kaleak garbitzeko, hondakinen gaikako bilketa egiteko eta saneamendu-sareko hustubideak garbitzeko aurreko kontratua luzatu behar izan zuen, lizitazioan parte hartu zuen enpresetako batek adjudikazioaren aurka jarritako errekurtsoa ebatzi bitartean.

Orain, Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEAO) aurreko adjudikaziodunak aurkeztutako errekurtsoa ezetsi du eta beraz, zerbitzu berria martxan jarriko da hilaren amaieran. Aipatutako zerbitzua emateko CESPArekin sinatutako kontratua amaituta, Basauriko Udalak "lehiaketa publikoa antolatu zuen, kontratu berria adjudikatzeko; eta, 2020ko azaroaren 26ko osoko bilkuran, Udalba-tzak onetsi zuen kontratua ENVISER SAUri adjudikatzea, 17.541.455ko zenbatekoarekin (BEZa barne), lau urterako, eta ordura arteko enpresa adjudikaziodunaren langileak subroga-tzeko betebeharrarekin", azaldu dute udaletik.

Baina abenduan, Eusko Jaurlaritzaren KEAOk Basauriko Udalari jakinarazi zion "CESPAk, enpresa lizitatzaileetako batek, adjudikazio horren aurkako errekurtsoa jarri zuela, eta, ondorioz, Udalak espedientea geldiarazi behar zuela, Kontratazioaren inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak ebazpena eman arte".

Errekurtso hau zela eta, ezinezkoa izan zen kontratu berria hastea. Orduan, gobernu taldeak CESPArekin zeukan kontratua luzatu zuen, baina otsailean, "KEAOk ezetsi egin zuen CESPA SAk jarritako errekurtsoa, eta adjudikazio-prozeduraren etete automatikoa altxatu zuen. Beraz, adjudikaziodun berria, ENVISER SAU, lanean hasiko da martxoaren 29an".